Teknologia albisteak

Gaur eman behar diote Euskaldun Unibertsala saria Martin Ugalderi

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-10-16 : 10:10

Bere izena daraman parkearen kontrako operazio juridiko-polizialaren egunean, gaur bertan, eman behar diote Euskaldun Unibertsala saria Martin Ugalde idazleari. Ainhoa Arteta eta berak jaso behar dute saria Ajuria Enean (seguruenik, ez pertsonalki Ugaldek).

Saria Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Kutxak ematen dute urtero 1996. urtetik aurrera.

Boikot eskaera Euskadiko Kutxaren aurka, saria dela eta

Aurtengo omenduen izenak protesta egitera eraman izan du, duela aste batzuk, Antonio Basagoiti PPko Bilboko zinegotzia. Egunkariaren kontrako operazioan inputatutako ustezko gaizkile bati saria ematea terrorismoarekin kolaboratzea zela esan zuen inplizituki Basagoitik El Pais eta El Correo egunkarietara bidalitako gutunetan. Ugalde kritikatzeaz gain, deia egiten zuen Basagoitik kontuan hartzeko non dituen bulegoak Espainian Euskadiko Kutxak, jendeari boikota eskatuz. Espainiako bulegoak aipatu zituen, prezeski, Basagoitik, ez Euskadiko Kutxak Hego Euskal Herrian zituenak. Informazio apur bat, IzaroNews konfidentzialean.

-----

Joan Mari Torrealdairen artikulua, gaur Berrian

Martin Ugalde, Euskaldun Unibertsala

Martin Ugalde Orradreren traiektoria pertsonal-profesionala saritu nahi du nonbait Eusko Jaurlaritzak ematen duen sari honek. Zehazkiago: Euskal Herriaren irudi positiboa munduan zehar eman izana.

Bete-betean asmatu duela Martinekin Eusko Jaurlaritzak esango nuke. Euskal Herriaren irudi positiboa mila modutara barreia daitekeela munduan zehar, hori badakigu. Baina bereziki estimatzen dut Martinen modua: bere «beste aberrian» ere bertakotuz, alegia. Venezuela, Martin andoaindarrarentzat, atzerria da, izan. Baina Martinek bere «beste aberri» bihurtu du, «mi otra patria». Esaldi horrek zentzu sakona du: alde batetik bere jatorrizko aberriari ez dio uko egiten, ezta gutxiago ere; eta bestetik, Venezuela ez da bigarren mailako aberria, baizik eta «bestea», lehentasun-mailaketarik gabe. Martinek ez baitu bere maitasuna zatitzen: ehuneko ehun maite du Euskal Herria eta ehuneko ehun maite du Venezuela.

Ahal izan zuen bezain laster Venezuelako nazionalitatea hartu zuen. Baina hori da gutxiena Martinen bertakotze prozesuan. Martin bete-betean sartu zen Venezuelako kazetagintzan eta literaturgintzan. Mailarik altuenetan ibilia da 1951tik 1969 urte bitartean. Prestigio gutxi omen zuen kazetaritzari maila eman zion, kategoria, bere erreportaien bidez batez ere. Literaturan ere punta puntan ibilia da hainbat urtetan. Venezuelako saririk baliotsuenak berarentzat izan ziren.

Martinek Venezuelako intelektualen artean harridura sortu zuen, kanpotar batek beraiek baino ere hobeto ezagutzen zuela-eta Venezuelako herria, herri xehea. Badakite haiek, eta halaxe diote, Martin euskalduna dela, euskaldun peto-petoa, eta kosta egiten zaie esplikatzen Martinek nola ulertzen eta ezagutzen duen horren ongi Venezuelako gizartea, bertako geografia soziala. Martinen baitan esplikazio bakarra du horrek: Martinen lumak Venezuelako geografia, hango jendea eta berauen penak eta pozak, hango bertako lurra eta usaiak, hango egoera, hango immigrantea maitasunaren begiekin deskribatzen ditu, bertatik bertara, eta ez atzerritarraren urruntasunetik, eta are gutxiago europarraren «kultura unibertsalaren» ikuspegitik.

Ni beti harritu nau Martinek nola naturaltasun osoz bizi izan duen bihotz berean bere bi aberrion maitasuna, biei osoki emanez. Egia esateko, euskaldun unibertsalaren definizio perfektua iruditzen zait. Herri eta kultura txiki eta txikitu bateko kide izateak irekitzen dizkio Martini begiak eta bihotza era horretara.

Frogak emanez erakutsi du beti maitasuna Martinek, berari gustatu zaion moduan esanda. Froga horietako bat bere obra idatzia da. Bere artikuluak ehundaka asko dira, asko. Bere liburuak badira 40 bat. Literaturgintzan gehien-gehien eta maisukiro landu duen generoa ipuina izan da, eta gero eleberria. Azpimarratzekoa da bere Ameriketako literaturan agertzen den immigrantearen irudia. Urte asko geroago ere immigrantea ez zaio Martini ahaztu, bere azken nobela, Mohamed, immigrante magrebtar bati buruz baita. Kazetaritza modu askotara landu du, erreportaietan, zutabeetan, iritzi artikuluetan, elkarrizketa bidez. Eta liburuen bidez ere bai, halaxe idatziak baitira Martinen esanetan, kazetari gisa, bai Euskal Herriaren historia eta bai Txillidarekin eta hainbat euskal herritarrekin egindako elkarrizketa liburua.

Martinek euskaraz eta gaztelaniaz idatzi du. Hobeto esan, espainolez eta venezuelarrez, edo Martinek bere garaian esan zuen bezala, Francoren diktaduraren hizkuntzan eta Venezuelako askatasunaren hizkuntzan. Eta, hala ere, ez da idazle elebiduna, Koldo Izagirrek dioen moduan. Zer esan nahi duen horrekin? Martinek komunitate bakoitzari bere hizkuntzan egiten diola, bihotz beretik mintzatu zaiela batzuei eta besteei.

Hau da euskaldun unibertsal izateko Martinen modu propioa, sari honek, hain zuzen ere, eskertu nahi duena. Beste modu asko ere saritu ditu, baina gutxi dira euskaldun unibertsal gisa saritutakoak. Gehiago dira euskal herritar gisakoak, euskararen, euskal kulturaren (eta are: Euskal Herriaren) alde bereziki nabarmendu ez direnak.

Benetan eskertzen dut nik euskaldun unibertsal izateko Martinen eredua. «Vasco universal» barik «euskaldun unibertsala» delako, hain zuzen ere.

«Vasco universal» delakoak konnotazio oso negatiboak dauzka frankismo garaiko euskaltzaleontzat. Euskaraz ezina zen unibertsaltasuna; gaztelaniaren bidez, aldiz, berezkoa ematen zuen. Unibertsal izateko Madrilera bidaia egiten dutenei, «universales de pacotilla!» deitzen die Martinek. Estatu frankistak unibertsaltasuna monopolizatua zuen garaian, Karlos Santamariak etorri behar izan zuen zera frogatzera, bi gauza desberdin direla «handia» eta «unibertsala» eta ez dela berdin «txikia» eta «mugatzailea». Santamariak garbi utzi zuen berez kultura guztiak direla unibertsalak, edo hobeto esan, kultura unibertsala interpretatzeko eta bizitzeko moduak direla kultura partikularrak. Eta ez dagoela partikularra ez den kultura unibertsalik.

Globalizazioaren garaian ere balio du horrek, horra Martinen ereduak argitan jartzen diguna.

Erantzun

Sartu