Teknologia albisteak

Nafarroako Gobernuak erretzeari uzteko tratamenduen finantzaketa publikoa onartu du

Erabiltzailearen aurpegia
sustatu - sustatu
2003-06-26 : 10:06

Sistema publikoan diharduten medikuek nikotinazko partxeak eta bupropiona-zko pilulak errezetatuko dituzte. Erretzeari uzteko tratamenduak Gizarte Segurantzaren barnean jarriko dituen lehenengo autonomia-erkidegoa izango da Nafarroa. Bertako gobernuak aurreko astean onartutako dekretuaren arabera, finantzaketa prezioaren %60koa izango da langileentzat eta %100erainokoa pentsiodunentzat.

Orain arte, Nafarroako Gobernuak nikotinazko partxe transdermikoen eskuratze-prezioaren herena finantzatzen zuen. Sistema horrek Foru Ogasuneko kutxari paziente bakoitzeko 60 euro inguruko gastua eragiten zion. 2002an, 560.000 biztanle dituen autonomia erkidego horretan 450 lagunek baino gehiagok jaso zituzten erretzeari uzteko laguntza ekonomikoak.

Aurrerantzean, foru gobernuak hartutako erabakiaren ondorioz honako hauek finantzatuko ditu:

  • Tabakoa erretzeko aztura kentzeko terapiaren kostua (osoa edo partziala).
  • Printzipio aktibo moduan bupropion-a daramaten medikamentuen errezetak: Zyntabac, esaterako.

'Bupropion'-a

Partxeek nikotina larruazaletik barneratzen dute eta bupropion-ak, aldiz, ez dauka droga hori. Azken horrek erretzeko antsietatea murrizten du, eta horren ondorioz, utzi nahi duten pertsonentzako lagungarria da. Errezeta medikoarekin bakarrik eskura daiteke, gaixo batzuentzat kontraindikazioak baititu.

Gauzak horrela, Osasunbideko (Servicio Navarro de Salud, SNS) osasun-txartela duten nafarrek euren tratamendua daramaten medikuengandik errezeta ofiziala jaso ahal izango dute. Horri esker, errezetatutako medikamentuen koste errealaren %40 bakarrik ordainduko dute. Finantzaketa publiko hori %100 izango da erretiratu eta pentsionistentzat.

Tabakoaren aurkako borroka

Programaren arduradunen esanetan, tramiteen sinplifikazioak tratamenduen eskaria egingo duten pertsona kopurua handitzea ekarriko du, Nafarroako edozein osasun etxetan egin ahal izango baitira. Bestalde, euren iritziz, tabakoa uzteko laguntza berriak ere bideratuko ditu.

Orain dela gutxi amaitu den agintaldian, Osasun Sailak abian jarritako tabakoaren aurkako borrokaren barnean kokatzen da finantzaketa publikoaren hedapena. 2002an Nafarroako Parlamentuak tabakoarekin lotutako osasunaren gaineko lege foral murriztailea onartu zuen.

Proiektu horretan, langile bi edo gehiagoko lanleku itxietan erretzeko debekua ezartzen zen. Lege berriaren aurkako enpresa oposizio handia zela eta, berriro ekin zieten negoziazioei. Horrek enpresa eremuan legea aplikatzeko bi urteko luzamendua eragin zuen.

Legeak 18 urtean ezarri zuen tabakoa eskuratzeko gutxienezko adina. Bestalde, tabakoa ekoizten duten enpresei edozein motatako babesletza eta komunikazio komertziala egitea debekatu zien, besteak beste.

Aurreko astean onartutako dekretu foralak etorkizunean laguntza publikoek babestutako medikamentu eta terapia berriak gehitzeko aurreikuspena egiten du. Tabakoaren gaineko Ekintzazko Foru Planaren zuzendaritza kontseiluaren esku egongo da medikamentu berriak finantzatzeko erabakia.

Gazteei zuzenduta

Tabakoaren gaineko Ekintzazko Foru Legeari jarraituz eginiko kanpainak trinkoak izan dira. Horietako asko erretzeari ekin dioten publiko gazteenari zuzenduta egon dira. Orain dela gutxi Bartolome Carranza Fundazioak eginiko inkestak hau dio: 1982. urtetik hona, lehenengoz, erretzen ez duten 15 eta 9 urte arteko nafarrek erretzaileek baino kopuru handiagoa osatzen dute. %51k ez dute inoiz erretzen, %33k aldioro erretzen dute eta %15,1ek noizean behin erretzen dute. Galdetutako bost gaztetatik bik erretzeari uzteko nahia azaldu dute. Osasun Ministerioaren esanetan, Espainiako Estatuan urtean 55.000 hildako izaten dira tabakoaren ondorioz.

Erantzun

Sartu