Zer egin dezake bere egoera normalizatzeko erbesteratu batek, baina oraintxe bertan, alegia, sasian dabilela? Bistan baita, hainbat asmo, ekimen, txosten, tiro, manifa eta bileraren despit, hemengook oraingoz ez dugula asmatzen legetik zein mehatxutik ihesi dabiltzanak itzul daitezen moduko egoera sortzen. Aitzitik, ETAkide iheslari batek idatzitako "Lagun izoztua", ETAren mehatxutik ihesi erbesteratutakoak ere profita dezake. Zer egiten dute Armandok eta Goiok?
Lekuz kanpo dago testu hau Sustatu.com-en. Baita Herria 2000 Eliza aldizkarian ere, non laster agertuko baita. Hain zuzen, lekuz kanpo sentitze horixe da geure egoeraren alderik nabarmenetakoa.
Baliteke herri baten literatura bere herritarren gorabehera psikopolitikoen adierazpen edo sintomatzat hartzearen zilegitasuna eztabaidagarria izatea; edonola ere, ez da jarduera eskasagoa, ideia politikoki aprobetxagarriak lapurtzea baino, presaz egindako txosten bateko paragraforen bat apain dezaten, batez ere zein txintxoak garen gu eta zein gaiztoak beste guztiak generoa darabilenean.
Aipatu lekuz kanpo sentitze hori nabaria da "Agirren zaharraren kartzelaldi berriak", "Lagun izoztua" eta "Rock'n'roll" eleberrietako protagonistengan, Euskal Herriari buruzko ikuspuntu zein kokapen politiko desberdinak dituzten hiru idazlek sortuak, Koldo Izagirrek, Joseba Sarrionandiak eta Aingeru Epaltzak hurrenez hurren.
Berriki aztertu ditugu, Bilboko Perro kaleko "Kalderapeko"-n, aldi berean kultur etxe eta taberna badena: handik zebiltzan politiko abertzale batzuk, txikiteoan, baina euskal literatura eta iazko haizea haiei berdintsu, eta hurrengo tabernara hartzen zuten, gero eta mozkorrago.
Asko eta asko sentitu gara pikutan "Euskaldunon Egunkaria" itxi digutenean; beste batzuei alderdia zarratu diete. Hala ere, sentsazio hori gurean indartsu dabilen arren, oro har nor bere etxera itzultzen da, edo alokatutakora, edo amatxorenera, amatxoren porrusaldaz eta kroketez gozatzera. Kroketotatik urruti, besteak beste, erbesteratuak daude, Sarrionandiaren "Lagun izoztua"-ko Armando eta Goio kasu.
-------------------------
Gorago aipaturiko jardunaldian, Perro kaleko "Kalderapeko"-n, "Lagun izoztua"-ren egitura zenbait irakurleri nahasgarri bezain arrotz egin zaiola nabaritu da: istorio bat iraganean, beste bat orainaldian eta azkena geroaldian kontaturik, elkar ebakiz. Batzuentzat gainera ebakidurak garbiegiak dira, zirujauenek halakoxeak behar omen lukete; beste batzuentzat, berriz, ez aski garbiak, hurrenkerak ez baitira beti berdinak: aurrena aurki daiteke orainaldi/iraganaldi/geroaldi segida, baina ondoren desorduko gertatzen da geroaldi/iraganaldi/geroaldi segida. Kronologia ere desakreditatuta dago, hogeita hemeretzigarren kapituluaren ostean zazpigarrena dator. Ba ote du zentzurik nahaste-borraste honek, ala interesantearena egiten dabila egilea?
Arte obra handi askotan, osagai orok izaten du zentzu bat, guztiek laguntzen dute giro jakin bat pintatzen: harreman bat izaten da, sarritan gordea, gaien eta egituraren artean. Baliteke "Lagun izoztua"-ren egitura bereziak irakurleari bizi-bizi sentiarazi nahi izatea hainbat pertsonaiaren arazoa denborarekin. Egia da arazook pertsonaion gorabeherek eta esanek azaltzen dituztela zuzenean. Ordea, Sarrionandiak jarrerok eta esanok kokatzen diren euskarria ere korapilatu egin du, denbora nahastea beste maila batera ere hedatuz, beste eremu batean erakutsiz.
Izan ere, Goiori denboraren hariak endredatu egin zaizkio, horixe dateke bere eritasunaren zio aipatu gabea, eleberriaren egiturak errepikatzen duena. Iraganaren, orainaren eta geroaren nahasteak eragin dio Goiori izoztea. Ildo berean, betiko euskal usadioak, gaixotasuna korapiloari lotu izan dio, eta osatzea korapiloa askatzeari; esate baterako, tripako mina, libratuz da sendatzen.
Egituraren erritmo epileptikoa, beste pertsonaia batzuek ere nozitzen dute: Jose Uriostek behialako euskal baserri idealizatua eraiki du Kolonbian, anatopiko bezain anakroniko; eta Jairo Jaramillok ezin ditu aurpegiak bereizi, den-dena gogoratzen baitu: bere hautemateak ez du, gureak bezala, bizimodu praktikoari begira hautespenik egiten, ez du nahikoa ahazten.
Hala ere, Armandoren eta Goioren kasuak dira "Lagun izoztua"-k nabarmentzen dizkigunak. Bi-bion baitan, denbora arrotz sentitzea, erbestean daudenez, beren burua lekuz kanpo ere sentitzeari dago loturik. Armandoren denbora pasatu egiten da, ezer pasatzen ez zaiola. Oraina galtzen du, etengabeko itxarote elbarrian etorkizun distiratsuren bati.
Denbora alferrik galdu, zeregin antzu bati emana dagoelako galtzen du Armandok: zirriborroak pilatuz eta pilatuz, ez da gai barruak eskatzen dion ganorazko sortze lanari ekiteko. Kondena beraren bi alde: uneak ihesi eta borradoreak zaborrontzira. Armandok obra potolo bat armatzeari ekin beharko dio, bere izaerari dagokion denboran biziko bada. Bere buruaren aurkikuntza eta onartzea, sortze lan sakon batean murgiltzeak eta berau mamitzeak emango dio.
Zeren azkenik Armando, espainolez gerundio, aski paketea bera, gai izango baita pakete batean Maribeli bere "Lagun izoztua" bidaltzeko. Sarrionandiaren "Lagun izoztua"n Armandoren "Lagun izoztua" bildurik dago. Eduki berbera dute. Haatik, Sarrionandiaren eleberriak Armandorena barnebiltzen du; aldiz, Armandorenean ez da Sarrirena ageri.
Armandorenean, hori bai, Armandorena ageri da, behin eta berriro, gero eta barrurago, berdin-berdin alabaina, eta horrela infinituz infinitu.
"Lagun izoztua"ren nortasunak, hortaz, badu matriuska alde bat, Armandok Goiorekin egin behar duen lanaren ispilu: korapilo izoztarazlea urtu, mataza buru-nahastailea desegin, denboraren hariak ostera polito elkartzearren, Goioren alde txikiak, ertainak eta handiak, Goioren patua, oihal txukun batean marraztearren.
San Agustinen eta Heideggerren gaia ere bada denboraren hariak egokiro astalkatzearena, baina filosofo biok, Sarrionandiak ez bezala, oinarri sendo bat eskatzen dute hariontzat: Jainkoaren altzo zabala gotzain maltzurrak, eta Heideggerrek sorterriaren lur emankorra. JosAnton Artzek lañoki adierazi du zein euskarri dagokion denboren harilkatze molde horri: "Zein pozik irteten gara/ horren goxo zaigun etxetik/ eta pozikago itzultzen/ bidean goxoagotu zaigun etxera."
Ordea, Sarrionandia deserroturik da ezinbestean, eta ez du harreman handirik Jainkoarekin. Erbesteratu jainkobakoak, sortetxean Jainkoarekin bizi denak ez bezala txirikordatu beharko ditu denboraren hariak. Itakara itzultzea debekatua duen erbesteratuaren odisea da "Lagun izoztua", tokirik ez duenez denborarekin moldatu behar duen errariaren eleberria. Euskal Herriaren denborak ere arras korapilaturik baitabiltza: iragan labur zein urrunetan, hainbeste gerra galdu, oinazea eta odola; orain, besteak beste, Egunkari hilduratuak, eta oinazea eta odola; geroa, azkenik, ilun, zenbait asmo eta proiektu, Goiorenak kasu, indarkeriek eragozten baitituzte.
Edonola ere, Armandok Goiori bere denborekin ongi konpontzen erakutsiko dio poliki-poliki, Armandoren idazmakinak denborazko hariez ehundutako pertsonaia baita Goio. Halaber, Armandori berari, Goio sendabidean aitzina eramate horrek, hots, "Lagun izoztua" idazteak, emango dio, denbora kondena gisa sentitzetik denbora aberri gisa sentitzera igarotzeko kemena.
Goioren osatzeak alde bi ditu: aurrenekoan, bere arima matazatua askatzea erdiesten du. Uriostetarren erietxea du kokagune, pilulak eta ariketa zozo batzuk sendabide. Bigarrenean, behin askaturiko hariak berriro elkartuko ditu, baina ondo, eta maitasuna izango du akuilu. Soilik Maribelen alboan, Maribelen maitasunaren bidez, oroituko da Goio munduaren etorkizunaz, bilakatuko zaio berria itzulera, Lur osoa Itaka, eta denbora bera aterpe. Denboraren korapiloa kristal lodi bat zen Maribelen eta Goioren artean; beren arteko maitasunak korapilo guztiak askatu eta gardentasun apal baten abaroan bilbatuko ditu erbesteratu biak.
Eleberriaren azken paragrafoetako doinu ironikoa ez da sortzaileari bere lana burutzeak sentiarazten dion berealdiko bozkarioaren mozorro lotsatia baizik. Armandok berari dagokion denbora moldea aurkitu du, Goiori berea bilatzen laguntzen zion aldi berean, eta aurkikuntza biok eragindako poz itzelaren oihartzuna dakar "Lagun izoztua"ren azken orrialde gogoangarriak:
"Ni ez nau ezkontzara inork gonbidatuko, eta futuroaren arkeologia barregarri hau egiten jarraituko dut.
Hotza egingo du eta haizeak gomutazaurreko beste min batzuen airea ekarriko du, etorkizuna iragan orduko bizitzaren oihartzunak, eta doazen eta datozen enbarkazioak kaio multzoek horniturik ikusiko dira itsasoan.
Eta iraganera zoazelako sentsazioa izango duzu etorkizunera zoazen artean. Edukitako guztia galdu duzu, eduki ahal den baino gehiago zenuelako benetan, eta hala ere jakingo duzu izan daitekeen gauzarik behinena izango duzula oraindik, denbora.
Bai, denbora.
Eta zure mentura Ulisesena baino ederragoa izango da, edonora joanda ere, egundo egon ez zaren lekura itzuliko zarelako."
Erantzun
Sartu