Teknologia albisteak

Ekitaldi polita, atzo, Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
Joserra Beloki - Donostiatik
2003-03-12 : 12:03

Atzorako, Donostian, Kantu-jirarako deia egin, Egunkariaren alderakoa, eta ekitaldi berezi-berezia atera zen, 80-90 bat lagun Parte Zaharretik kantari ibilita.

Aurreikuspenean 30 bat lagunekin kontentu, banatzeko 50 abesti-orri prestatu ziren badaezpada ere; horiek eta inprobisatutako beste 15 kopia irteteko momenturako bertarako ahitu ziren eta faltan geratu...

80-90 bat laguneko koadrilla Parte Zaharretik, euskal herri-abestiak kantatzen: ikuskizun polita izan zen; oso polita.

Holako koadrilla zabala juntatuta, erraza izan zen (gero eta zailagoa izaten den arren) 20 laguneko dantza-korroa ere osatzea.

Abestiak, denetarikoak: Zuberokoak, nola ez (Goizian argi hastian, Prima ejerra, Eperra, Oi ama Eskual Herri...) baina baita Donostialdekoak (Begiak parrez parrez, Triste bizi naiz eta....) eta Euskal Herri osokoak ere (Xalbadorren heriotzean, Habanera, Egun da Santi Mamiña., Amak ezkondu ninduen...).

Egunkariaren aldekoa zenez ekitaldia, geure mezuak bidali genizkien letrak lapurtu dizkigutenei:

- Euskal Herrian euskaraz nahi dugu hitz eta jolas, lan eta bizi euskaraz eta hortara goaz,
- Hizkuntza gabe, esaidazue, nola irtengo naizen plazara, geure arima hiltzen uzteko bezain odolgalduak ez gara.

Herrikide erdaldunei:

- Guk euskaraz, zuk zergatik ez?
- Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?

Baita batzuei eta besteei, eta geronen buruei ere:

-Bada garaia noizbait dezagun guda hori gal edo irabaz.
- Herri bat dugu osatzen eta gure zabarkeriz ez daigun utzi hondatzen.
- Esan noiz garen izanen gure etorkizunen jabeak.
- Euskera azkartzeko oraintxe dugu aukera.
- Ez dugu zaldirik, ez gara zaldunak; ez dugu abererik ez gara aberatsak (batzuk bai; abisatu genuen), euskara guk dugu, gu gara euskaldunak.

Eta geronen buruari, berriz ere,
...ez gara hain onak benetan.

Esan bezala, ekitaldi berezia; jendea gustu-gustura, eta hurrengo batean berriz juntatzekotan.

Juntatuko gara, seguru asko; eta kasu egingo dugu, seguru, hemendik, Sustatuk horretarako beta egokia ematen badigu.

Lan-geldialdi on denoi.
Bihar arte.

Erantzun

Sartu