Basque Research atariaren bitartez, ELHUYAR Fundazioa Euskal Herriko ikerketan eta garapenean egiten den lanaren berri-emaile izango da.
ELHUYAR Fundazioa, datorren hiletik aurrera, Alphagalileo Europako ikerketaren webgunearen korrespontsal bilakatuko da. Duela bi urtetik, zientziaren munduan gertatutako hainbat berri bidaltzen ditu ELHUYAR Fundazioak www.alphagalileo.org web gunera. Iaztik, Basque Research-en bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroako Foru Komunitatean eta Ipar Euskal Herrian egiten den ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren berri ematen duen atariaren bitartez, egiten du lan hori. Baina, berri-emaile soil izatetik, partaide izatera pasatuko da ELHUYAR Fundazioa.
Horretarako, ELHUYAR Fundazioko zuzendari nagusia, Iñaki Irazabalbeitia, Londresen izan zen otsailaren 24an Alphagalileon partaidetza sinatzen. Han, Alphagalileoko zuzendariarekin eta Europako beste herrialde batzuetako ordezkariekin bildu zen.
ELHUYAR Fundazioaren betebeharrak izango dira, besteak beste, bertako ikerketaren berriak bildu eta alphagalileo.org webgunera bidaltzea; gainera, Alphagalileoko zuzendaritza-taldeko partaide izatera pasatzean, proiektuari dagozkion erabakietan parte hartuko du. Epe laburrera, Pompeu Fabra unibertsitatearekin hitzarmena sinatzeko asmoa du ELHUYAR Fundazioak Espaniako ordezkaritza osatzeko.
Alphagalileori buruz
Alphagalileo Europako ikerketaren berri ematen duen webgunea da. Estatu Batuetatik etortzen ziren ikerketa-berrien nagusitasuna orekatzeko Europako ikerketa bultzatu nahi du Alphagalileok. Proiektua Ingalaterrako British Association elkarteak gidatzen badu ere, gaur egun Europako herrialde askotako partaideak ari dira beren herrialdeetako ordezkari-lanetan, hala nola: Suomen Akatemia (Finlandia), LAssociation francaise pour lavancement des sciences (Frantzia), Jülich Forschungszentrum (Alemania), National Hellenic Research Foundation (Grezia), Observatorio das Ciencias e das Tecnologías (Portugal), Vetenskapsradet (Suedia), Council for the Central Laboratoy of the Research Councils, The Arts and Humanities Research Board (Ingalaterra) eta European Science Foundation.
Alphagalileo Europan egiten den ikerketaren erakusleihoa izan da, Europan egiten den ikerketaren argazki leiala eta askotarikoa. Bertan, ikertzaileek beren ikerketak argitaratzeko aukera dute eta kazetariei ikerketa horien berri jasotzeko bideak eskaintzen zaizkie. Horrela, gaur egun 3.771 kazetari eta 4.723 berri-emaile daude izena emanda. Bestalde, webgunean, 10.000 berri inguru, 1.300 ekitaldi eta 350 liburu daude gaur egun kontsultagai.
Urtarrileko datuen arabera, Alphagalileo gunean, Basque Reseach-ek bidalitako berri bat, Inasmeten egindako Begi barneko lentillak izenekoa, atari osoan bigarren kontsultatuena izan zen.
Erantzun
Sartu