Teknologia albisteak

Datu demoskopikoen "Kutxa Beltza" Katalunian

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Goikoetxea Goiri - Bartzelonatik
2003-02-13 : 10:02

Katalunian azken asteotan, hauteskundeen atarian egotearen ondorioz edo, ur politikoak nahasiak datoz. Jordi Pujolen ordezkoarentzat, Artur Masentzat, batez ere. Bera da Generalitateko Presidència saileko arduraduna, eta bere sailari dagokio Ikerketa Soziologiko publikoen esparrua. Baina ez bakarrik hori: ikerketa guztien emaitzen informazioa Kataluniako parlamentuari luzatzea ere, datu estatistikoen taulak barne, berari dagokio, Presidència sailari.

Datu hauen baliagarritasunaren inguruko iskanbila nagusia hautagai desberdinen balorazioen analisian kokatzen da: argitaratutako txostenetan hautagai batzuei buruzko balorazioak agertu eta desagertzen dira azalpen argirik gabe (Piquéren kasua, adibidez). Beste kasu batzutan hautagaien bataz bestekoak ez dira behar bezala lortu, beti ere Artur Masen balorazioen bataz bestekoen mesedetan. Pasqual Maragallen, eta larriagoa dena, Masen alderdikide den Duran i Lleidarena ere, balorazio mailaren benetako bataz bestekoa hobea omen zen beti Masena baino.

Line Staff eta CES enpresak

Erantzun argirik ez da azaldu Generalitatearen aldetik: akatsak datuen analisian, bidalitako tauletan... huts soilak baino ez, hori da azalpen ofiziala. Inkestak egin eta datuak aztertzen dituen enpresaren aldetik inolako argitasunik ez da eskaini. Line Staff enpresaren arduradun teknikoek mutu geratu dira. Isiltasun horren azalpen maltzurren defendatzaileek zera gogoratzen dute: Line Staff-ek egiten ditu Generalitatearen ikerketen proportziorik nagusiena -8211;600.000 euro inguru urtero suposatzen du horrek-. Baina ez bakarrik hori: enpresa honen kudeatzaileek arlo bereko beste enpresa baten arduradunak ere badira: CES, Centre estudis sociològics. Enpresa honek egiten ditu CiU alderdiaren, Kataluniako gobernuan dagoena, ikerketa soziopolitiko gehienak.

Hainbat galdera ikerketen gainean

Katalunian iskanbila politikoak neurri ertainekoak dira gehienetan, eta gertakari hau maila horretan geratuko dela dirudi. Baina orokorki ikerketa hauen zilegitasunari buruzko galderak eragin ditu: noren menpe egon beharko lirateke ikerketa hoien arduradunak? Gobernuaren barneko Kabinete edo Sail baten menpe? Zeintzuk dira ikerketa hauetan parte hartzen duten enpresen funtzioa eta bere bezeroekiko dependentzia maila? Eta datuen kudeaketarako plangintzen arduraduna? Nola eta noiz argitaratu behar dira era honetako datuak...?

Ikerketa eta Inkesta hauen zilegitasuna ez luke zertan zalantzan jarri behar kasu soil batek, baina bai behintzat kalitate kontrolen beharraren garrantzia gogoraraztea. "Kutxa beltzik" ez, mesedez.

Erantzun

Sartu