Teknologia albisteak

Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren webgune berria

Erabiltzailearen aurpegia
Donostiako Euskararen Udal Patronatua - Euskaraz.net
2003-02-05 : 13:02

Donostiako Euskararen Udal Patronatuak estreinatu berri duen web gunea da Euskaraz.net. Euskarari eta Donostiari buruzko informazio eta zerbitzu ugari aurkituko duzu bertan: Auzoka eta Mugi! aldizkariak, Donostiako hainbat idazleren argitalpenak, hiztegiak, Euskararen Udal Patronatuaren zerbitzu eta jarduera guztiak eta Donostia Gaur buletin elektronikoa.

Euskaraz.net, euskararen eta donostiarren gune berria interneten

Herritarrekin harreman mota berriak lantzeko aukera paregabea eskaintzen dio internetek administrazioari. Orain aurkezten duen web gune honetaz baliatuz, Euskararen Udal Patronatuak herritarren zerbitzura jartzeko ahalegin berezia egin nahi du. Herritarrarengana hurbildu, sarbidea erraztu eta komunikazio bideak arintzea da euskaraz.net-en helburua.

Codesyntax enpresak garatu du web gunearen egitura Zope plataforma irekian oinarrituta. Plataforma honek gune dinamikoa eta malgua eraikitzeko aukera ematen du, uneoro erraztasun osoz eguneratzen joateko moduko gunea alegia.

Hona hemen gunean zehar nabigatzen aurkituko duzunaren laburpen bat:

  • Euskararen Udal Patronatuaren zerbitzu eta jarduerak
  • Euskararen Udal Patronatuak herritarrentzat dituen zerbitzuei buruzko informazio zabala aurkituko duzue eta izapideak errazteko bideak ere eskainiko dira. Asko dira guneak jasotzen dituen zerbitzuak, besteak beste, euskara ikasten ari direnentzako dirulaguntzak, errotuluak euskaratzeko laguntzak, udaleku irekiak, ikastetxeentzako eskaintza eta laguntzak…
  • Urtean zehar antolatzen dituen jarduera, sari eta ekitaldiei buruzko informazioa ere topatuko duzue gunearen hainbat ataletan: Donostia Opera Prima Narratiba Saria, Donostia Antzerki Saria, Donostiako Eskolarteko Literatur Saria, haur jaioberrientzako kantak eta abar.
  • Argitalpenak eta leku izenak.
  • Euskararen Udal Patronatuak kaleratzen dituen argitalpenak oso-osorik irakurtzeko aukera ere izango duzue: Auzoka Eskola Aldizkaria, Mugi! Kirolzale Donostiarraren Hilabetekaria eta "Eskolarako Entziklopedia Laburra": esate baterako. Horiekin batera, sarean dauden hiztegi gehienak kontsultatzeko aukera ere eskaintzen da lotura errazen bitartez.
  • Donostiako euskararen azterketa eta herri literaturarekin lotutako hainbat argitalpen ere sarean jarriak daude jada. Auspoa Sailean argitaratutako Donostiako idazleen hainbat liburu oso-osorik irakur daitezke euskaraz.net-en
  • Donostiako toponimia osoa ere web gune honetan aurkituko duzue, bertan jasotzen dira Donostiako kaletegia eta leku izen guztiak.

Buletin elektronikoa

Eduki hauekin guztiekin batera, Donostia.Gaur izeneko eguneroko albistegi edo buletin elektronikoa eskainiko die euskaraz.net-ek irakurleei. Goizero eguneratuko den gunea izango dugu hau, Donostiari buruz hedabideetan argitaratu diren berrien laburpena egingo da eta hedabide horietako bakoitzarekin loturak eskainiko dira berri osoa irakurri nahi duenarentzat. Goizero beraz, Donostiako berriei buruzko prentsa laburpena eskainiko du Donostia.Gaur-ek euskaraz zein gaztelaniaz.

Zerbitzu honek beste zenbait eskaintza ere baditu bere baitan, posta elektroniko bidez dohaineko harpidetzaz banatuko da hala eskatzen dutenei. Gainera, datu basea oinarri izango denez, bilaketak egiteko aukera eskainiko du, hau da, atzeratutako berriak berreskuratzeko aukera eskainiko du.

Euskararen Udal Patronatuaren inguruko albisteak ere jasoko dira bertan.

Agenda

Donostian euskaraz antolatzen den ekitaldi oro aurkitu ahal izango duzue euskaraz.net-en. Hitzaldiak direla, antzerkia edo zinema dela, haurrentzako jarduerak direla, agenda osatu bat eskaintzen saiatuko gara egunero.

Ez ahaztu helbidea: euskaraz.net, erraza da eta oso lagungarri gertatuko zaizu.

Erantzun

Sartu