Teknologia albisteak

Interneten erabilera zuzena edo okerra egiten dute umeek?

Erabiltzailearen aurpegia
Eneko Azkarate - Goienkaria
2003-02-05 : 13:02

Telebista larregi ikusteaz ikerketa asko egin dira, baina Internet erabiltzeaz? Internetek sor lezakeen mendekotasuna, familian ikustearen garrantzia, umeengan duen eragina... Elkarrizketa luzea egin zaio Eider Ganboari (EHUko irakaslea).

EHUko irakaslea da Eider Ganboa Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Pedagogian lizentziaduna da. . Horrez gain, Interneten eta teknologia berrietan aditua ere bada. Horregatik dabil herriz herri hitzaldiak egiten Internet eta ordenagailua etxean edukitzeak dakarren arrisku eta abantailen gainean.

Gurasoak, ordenagailuak eta internet etxean izenburuko hitzaldia eskaini duzu Bergaran oraingo astean. Gai honekin gero eta kezkatuago daude bai hezitzaileak eta baita gurasoak ere?

Uztailean udako ikastaroa antolatu genuen Donostian gai honen inguruan. Ikastaro horrek, badirudi, jakingarritasuna piztu arazi duela eta, azkenaldian, hainbat tokitan ari gara honen gaineko berbaldiak ematen. Eskoletan-eta jakin mina sortu du gaiak. Etxeetan, gurasoen artean, ostera, orain hasi dira gaiaz kezkatzen. Orain arte, gazteek telebista larregi ikusteak dakarren arriskuaz eta abar, ikerketa ugari egin dira, baina internet mundu berri samarra da oraindik ere eta ez dira ikerketa asko egin honen gainean. Azken bi urteotan garapen handiagoa izan du interneten erabilerak, zeren ordura arte batik bat enpresetan, unibertsitatean…, erabili izan da.

Orain, berriz, Informazio Gizartean plana dela-eta, KZGuneak direla-eta, etxeetan ere gero eta gehiago erabiltzen da internet.

Bai, hala da. Azken bi urteotan, bat batean, izugarri sartu da internet etxeetan. Eta, zer gertatzen da? Bada, guraso askok ez dutela internet ezagutzen, ez dutelako inoiz erabili beharrik izan. Eta, orduan, beldurra diote ezezaguna den interneti. Gauza asko entzuten ditugu interneten gainean eta jeneralean txarrak izaten dira.

Eta, zure ustez, benetako arrazoiak badituzte gurasoek internetekin kezkatuta egoteko?

Uste dut ezetz. Kontua da zer erabilpen ematen zaion. Telebistarekin ere berdin gertatzen da. Txarra da telebista ikustea? Ez. Txarra dena da larregi ikustea edo txarto erabiltzea. Gauza guztiek dute bere alde on eta txarrak. Jeneralean, gauza berrien aurrean, babesa aurkitzen saiatzen gara, edo atzera egiten dugu. Baina, horrek ulergarria izan arren, ez dauka zentzu handirik.

Gurasoen artean interneten gainean ez jakintasun handia dagoelako izango da hori, ezta?

Bai. Orokorrean, teknologia berriak ez dituzte menderatzen. Gainera, gurasoek sarritan ikus eta entzuten dute hedabideetan, internetek mendekotasuna sortzen duela eta umeak bakartasunera bultzatzen dutela eta hau eta bestea. Eta, horregatik, beldurtu egiten dira. Baina, internet al da bakartasun hori sortzen duena? Nik uste dut ezetz. Horren atzean beste arazo batzuk aurkitu beharko genituzke. Ezjakintasunagatik kezkak sortzea ulergarria da, baina gurasoak lasaitu egin beharko lirateke. Uste dut gai honen gainean larregi hitz egiten dela eta, sarritan, gehiegi jakin gabe. Apurka-apurka, baina, gero eta informazio gehiago dago.

Erabaki bat izan daiteke etxerako ordenagailurik ez erostea edo internetera ez konektatzea. Zuzena edo egokia iruditzen zaizu erabaki hori?

Ez. Familiako guztiek erabaki behar dute, nire ustez, merezi duen, ona edo txarra den, ordenagailua erostea eta internetera konektatzea. Edozelan ere, ona da gurasoek jakitea seme-alabek zenbat ordu ematen duten ordenagailuaren aurrean edo zenbat ordu interneten nabigatzen, eta jakitea zer erabilpen ematen dioten ordenagailuari eta interneti. Esaterako, zazpi edo zortzi urteko umeak, gurasoekin batera eta hauen laguntzaz interneten sartzea ona da. Bestalde, interneteko esploratzaileek ematen dute aukera jakiteko zer ikusten ibili garen interneten. Beraz, hauek oso tresna erabilgarriak izan daitezke jakiteko umeak zertan diharduten. Interneti botatzen diote erru guztia, baina telebista, esaterako, ere kaltegarria gerta daiteke.

Familia elkartzeko modua ere izan daiteke internet?

Bai, izan liteke. Azken finean, modurik egokiena aurkitzea izango litzateke kontua. Lehengo familia eredua asko aldatu da gaur egun. Gurasoek, aitak eta amak, lan egiten dute eta umeek ordu asko dauzkate euren kontuetarako eta lehen baino ordu gehiago ematen dituzte aita eta ama alboan ez dituztela. Orduan, umeak interneten nabigatzen uzten baditugu, inolako kontrolik barik, bada, jakina, azkenean aurkituko dituzte gurasoek nahi ez dituzten edukiak eta, seguruen, erabilpen okerra emango diote interneti. Berriz, umeei zentzu kritikoa lantzen laguntzen badiegu, askoz ere erabilpen egokiagoa emango diote gailuei.

Hala ere, mendekotasuna sor dezake internetek, hori ukaezina da, ezta?

Bai, kasu batzuetan gerta daiteke, beste mendekotasun batzuk sortzen diren moduan. Gainera, medio berria izaterakoan, berritasunak sortzen duen erakargarritasunagatik mendekotasunera bultza gaitzake. Baina, denbora pasa ahala, ordu kopurua normalizatzen joaten dela uste dut eta, azkenean, behar denean bakarrik erabiltzen da. Badira, edozelan ere, kasu batzuk, bakartiak edo isilak diren umeenak, interneten aurkitzen dutenak beren benetako mozorroa-edo. Halako kasuetan, irakaslearengana edo psikologoarengana joatea ona izan daiteke, baina ez da ohikoena.

Zein tokitan egon beharko litzateke ordenagailua etxean?

Ona izan daiteke familia osoak ikusteko moduko tokian jartzea, egongelan esaterako. Batez ere, umeak txikiak direnean. Baina, nerabezaroan, normalagoa da neska mutikoek euren logelan-edo edukitzea ordenadorea. Kontua ez da gain gainean egotea eta uneoro kontrolatuta edukitzea seme-alabak.

Argi dago, esaten ari zarenaren arabera, gurasoek kontu honetan hezi beharra dutela ezta?

Bai, horixe da egokiena. Gu horretan gabiltza, guraso eskolak-eta sortzen. Aita-amek internet ondo ezagutzen badute, errazago gertatuko zaie umeari gerturatzea eta interneten dagoen informazioari erabilpen egokia ematen laguntzea… Azken batean, haurrak ikasi behar du jakiten interneten dagoen guztia ez dela egia eta badagoela informazio ona edo egokia eta hain ona ez dena. Sozializatzeko beste modu bat eskaintzen digu internetek eta, beraz, familia, egoera berrietara egokitu behar da.

Ona da ordenagailuak erabiltzeko ordu muga jartzea?

Niri ez zait gustatzen horrelako neurriak ipintzea. Hala ere, haurra nolakoa den jakin beharko genuke lehenbizi eta, ordu gehiegi sartzen hasten bada, horrelako neurriak hartzea irtenbide egokia izan daiteke. Internetek aukera asko eskaintzen dituela jakinarazi behar zaio umeari eta egoki erabiltzen erakutsi.

Txateatzen ibiltzea, hau da, besteekin harremanetan jartzea, berez, ona da, baina kaltegarria ere izan daiteke?

Arriskutsua izan daiteke txateatzen ibiltzea, baina hori ere aukeratzen dugun txataren araberakoa edo hariaren beste aldean daukagunaren araberakoa da. Hortaz, berez ez da txarra, esaterako, hizkuntzak ikasteko erabil daitekeelako. Bai, jakina, internet txateatzen ibiltzeko bakarrik erabiltzea ez da egokia, beste erabilpen batzuk ere baditu-eta.

Adin egokirik badago ordenagailua erabiltzen hasteko?

Gaur egunean oso umetatik hasten dira ordenagailuak diren jostailuekin. Guretako bolaluma den bezala, gaur egungo ume txikiendako ordenagailua izango da. Adin bakoitzera egokitutako edukiak badaude, beraz, garrantzitsuena hori da eduki egokiak erabiltzea. Kontua da jasotzen dugun informazioarekin kritiko izatea eta hori irakatsi egin behar zaio umeari, bai gurasoek eta baita irakasleek ere.

Erantzun

Sartu