Teknologia albisteak

Euskaldunon esperientzia Maputxeen Udako Ikastaroetan

Erabiltzailearen aurpegia
Larraitz Mendizabal - Kontseilua
2003-01-31 : 11:01

Kontseiluko Idazkari Nagusia, Xabier Mendiguren bigarren aldiz izan da Txilen Coordinadora Nacional Indigenak eskaturik, Panguipullin lehen aldiz egin den Hizkuntza Berreskuratzeko Udako Ikastaroan, euskararen normalizazion egindakoen berri ematen.

Bertan bi hitzaldi eta zenbait mintegi eman ditu hizkuntzaren corpusaz eta estatusaz, mapudungun, maputxeen hizkuntzaren berreskuratze-prozesuan euskaldunon esperientzia lagungarri izan daitekeelakoan.

Ehunetik gora irakaslerekin aritu da

Maputxeen hizkuntza eta kultura ikasi eta irakasteko asmoz bertaratu diren ehunetik gora irakasleekin aritu da eta instituzioekin, unibertsitate arduradunekin eta komunikabideekin bilerak egin ditu Xabier Mendigurenek. Esaterako, Concepcióneko Unibertsitateko Montoya jauna irakasle eta erretore ohiarekin, eta Los Lagos Unibertsitateko Raul Aguilar erretorearekin, Panguipulli, Purén eta Petrufquéngo alkateekin eta Valdiviako Gobernadorearekin izan da.

Ikastaroaren hasiera ekitaldian Jaime Andrade, Indigenen Garapenerako idazkariordea, Paris 12 Unibertsitateko Erretorea, Melgan jauna, eta Txileko beste zenbait unibertsitatetako ordezkariak eta maputxeen gidariak, alkateak eta abar izan ziren. Euskal Herritik Nekane Jurado andrea ere izan zen.

Interesa sortu da Maputxeen artean

Hizkuntzaren berreskuratze prozesuan garrantzizkoak diren egitura eta prozesuen berri emateaz gainera bertako zenbait irrati eta egunkaritan elkarrizketak egin dizkiote, gaiak interes handia sortu baitu maputxeen artean. Erdi-epera, hizkuntza, osasungintza eta zuzenbide indigena landu eta garatuko dituen Unibertsitate Maputxe bat sortzeko asmoa dute antolatzaileek eta pozik agertu dira Panguipulliko Udako Ikastaroaren arrakasta eta oihartzunarekin. Neguko Ikastaroa Purénen egingo da eta bertako alkatea den Iván Mella jaunak dagoeneko eskaini ditu oinegitura eta babesa.

Ikastaro honetan Txile eta Boliviako aymaren ordezkariak ere izan ziren eta interes nabaria agertu zuten antzeko prozesuak beren artean abian jartzeko eta euskaldunon esperientziaren berri emateko gonbidapena egin zioten Kontseiluko idazkari nagusiari.

Hitzarmena sinatuko da

Coordinadora Indígena, Kontseiluaren eta egitasmoko gainerako partaideen artean hitzarmen-marko bat sinatuko da eta ondoren lankidetzarako aldian aldiko eranskinak gehituko zaizkio.

Erantzun

Sartu