Teknologia albisteak

El Árbol de Gernika, berriro gure artean

Erabiltzailearen aurpegia
Joxe Aranzabal
2003-01-23 : 11:01

Txalaparta argitaletxeak berriz inprimatu du aspaldi agortuta zegoen liburu zoragarri bat: El Arbol de Gernika, George L. Steer kazetariarena. Gernikako bonbardaketa ezezik, liburu honek kontatzen du nola gertatu zen Gerra Zibila Euskal Herrian.

Lehen aldiz 1975ean hartu nuen esku artean liburu hau, Deustuko Unibertsitatean ikasten ari nintzela. Ordukoa, baina, legez kanpoko argitalpen bat zen, euskal erresistentziak Buenos Airesen itzuli eta inprimatua. Interes eta errespetu handiz irakurri nuen. Eta etorri bezain modu isilean joan zitzaigun esku artetik, gutariko hainbatek leitu eta gero.

Harrezkero ez dut inon ikusi, harik eta joan den astean ospitaletik irten eta liburudenda batean sartu nintzen arte. Hantxe zegoen, El Árbol de Gernika, Txalaparta argitaletxeak kaleratu berria. Orduko hark bezala, honek ere eutsi egiten dio azpitituluari: Un ensayo sobre la guerra moderna. Zorionik beroenak Txalapartari, uste baitut liburu hau aspaldi behar genuela etxe guztietan. Ea noiz animatzen den euskaratzera.

George L. Steer

Hogeita zortzi bat urte zituela etorri zen Euskal Herrira George L. Steer kazetari gaztea, The Times egunkariak bidalita. Hego Afrikan jaioa zen, nahiz eta kazetaritza ikasketak Britainia Handian egin, Oxfordeko Unibertsitatean.

Gureratu aurretik, Cape Town-en egin zuen lan, Argus egunkarian, eta han krimenak eta beisbola lantzen zituen. Berriz Ingalaterrara itzuli zen, Yorkshire Post egunkarira, non arduratzen baitzen arte dramatikoaz. Laster, baina, The Times egunkariak Etiopiara bidali zuen, gerra berriemaile moduan. Handik erreportaje asko idatzi zituen, italiarren basakeriak salatzen zituztenak. Eta honek itzal handia eman zion nazioarteko kazetarien artean.

Euskal Herrian batez ere Bizkaiko frontean ibili zen, eta harreman estuak egin zituen Eusko Jaurlaritza sortu berriarekin. Gernikako bonbardaketaz bidali zuen kronikak munduari bira egin zion. 38an argitaratu zuen liburuak ere bai, The Tree of Gernika, alegia. Liburu hau dela eta, Gestaporen zerrenda beltzean egon zen.

Euskal Herritik Finlandiara joan zen, kontatzera nola Stalinen tropek inbaditzen zuten herri txiki hura. Hitlerrek Ingalaterra inbaditu zuenean, ordea, Ingalaterraren Inteligentzia Zerbitzuetan sartu zen. Etiopian eta Birmanian ibili zen, eta azken honetan hil zen auto istripu batean 1944an, hogeita hamabost urte zituela, lotinant-koronel graduazioarekin.

Rutledge Sothworth historialariaren ustez, Gernikaren mitoak Picassoren margolanari beste zor dio George L. Steer-en liburu honi.

Erantzun

Sartu