Teknologia albisteak

MCC Europako onenen artean, Fortune aldizkariaren ustez

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-01-17 : 21:01

Fortune ekonomia aldizkariak Mondragon Kooperatiba Korporazioa (MCC) aukeratu du Europan lan egiteko hamar enpresa onenen artean. Aldizkariak nabarmendu ditu erakundearen izaera demokratikoa, elkartasuna eta berdinzaletasuna.

Ezagunak dira mundu osoan Fortune aldizkariaren zerrendak: Fortune 500, Global 500, 100 enpresarik onenak lan egiteko, Enpresarik mirestuenak Ameriketan, Enpresarik mirestuenak munduan, Bizkorren hazi diren 100 enpresak, 100 enpresa txikiak eta 50 enpresarik onenak gutxiengoentzat, besteak beste.

Iaz hasi zen Europan bilatzen ea aurkitzen zituen hamar enpresa bikain lan egiteko. Konforme geratu ziren eta aurten ere beste horrenbeste egin dute. Aurten, ordea, zer eta Euskal Herriko enpresa bat aurkitu dute hamar onenen artean: Mondragon Kooperatiba Korporazioa. Aldizkariak ez ditu hurrenkera jakin batean jarri, baina hauek dira MCCrekin batera hautatuak: Ferrari, Intelek Irlandan duen filiala, Lafarge porlangilea, Nestlé, Bacardi Martini, Schering, H&M arropa banatzaile suediarra, Grundfos Danimarkako ur ponpak eta Unes, Italiako supermerkatu enpresa bat.

Metodologia

Zer begiratzen dute, baina, aukeratzeko orduan enpresarik onenak lan egiteko? Egileek diote baietz, soldatak eta etekinak inportanteak direla langile hauentzat enpresa epaitzeko orduan, baina badirela beste elementu batzuk areagotzen dutenak langileen atxikimendua enpresarekiko. Nestléren langileek, adibidez, estimatzen dute enpresa bateko kide izatea, zeinen helburua baita elikatzea jendea munduan zehar. Bacardi Martinikoek, aldiz, kontuan hartzen dute lanean ari direla enpresa familiar batean, erabat konprometitua kalitatearekin.

Berdinzaletasuna da beste elementu bat, bereizgarria. Atal honetan Irlandako Intel aipatzen dute (non zuzendaritzakoek ez baitute parking berezirik, kasu) edo Suediako H&M. Baina guztien gainetik, MCC jarri dute, urrutien daramalako berdinzaletasuna. “Enpresa multzo honetan soldata diferentzia goi mailako exekutiboak eta behe mailako langileen artean ez doa zortzitik batera baino haratago, eta langile guztiek dute zeresana gauza guztietan, bai lana nola egiten den eta lehendakaria hautatzeko orduan”.

Zerrenda hau egiteko, aldizkariak espezialista asko kontsultatu ditu: kazetariak, aztertzaileak, irakasleak, ikertzaileak inbertsio sozialetan eta aholkulariak. Hortik 60 enpresako zerrenda bat atera zuten. Ikerketa gehiagoren ostean, berriz, 12ra jaitsi zuten zerrenda. Eta hortik aurrera, enpresa guztiak bisitatu zituzten, banan-banan.

Jabier Marcos TU-Lankide aldizkariko zuzendariak gaur Euskadi Irratian azaldu duenez, Arrasaten kazetari heldu bat aurkeztu zen, maletak hegazkinean galduta eta arropa erabat informalez jantzita. Bi egun egin omen zituen jende mordoarekin bilerak egiten eta informazioa batzen.

MCC

Zaila da esplikatzea munduan zehar, eta batez ere amerikarrei, zer den kooperatiba bat eta zer kooperatibismoa. Kazetariak ere galdera hori egin zien kooperatibista batzuei bilera batean: nola bereiztuko zenituzkete sozietate anonimo bat eta kooperatiba bat, adibidez? Eta Jon Agirreren erantzunarekin geratu zen: “Zure etxean edo hotel batean bizitzea bezala duzu hori. Zure etxean, MCCn bezala, erabakitzeko ahalmena duzu eta mundu guztia ezagutzen duzu. Hotel batean, berriz, ez dago horrelakorik. Ez dakizu nor duzun alboko gelan”.

Aldizkariak dio 1956an sortu zenetik, munduan ez dela MCC bezain kooperatiba arrakastatsurik antolatu. MCCren historia labur bat egiten du, nola sortu zen, nola dagoen banatuta hiru dibisiotan, duen antolakuntza demokratikoa, informazio ugaritasuna, elkartasuna taldeko enpresen artean, langabeziari aurre egiteko sistemak eta seriotasuna merkatuaren aurrean. Artikulu osoa irakurri nahi baduzu, egin klik hemen.

Erantzun

Sartu