Teknologia albisteak

Tokiko prentsak euskal hiztunak irakurtzera bideratzen ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Joxemari Muxika - TEEF
2003-01-16 : 01:01

Topagunea euskara elkarteeen federazioko bazkidek argitaratzen duten Tokiko prentsak argitaraldi bakoitzean 500.000 irakurle pasatxo dituzte: 202.000 astero, beste 145.000 hamabostero eta 160.000 gehiago hilero. Erakundearen helburua, guzti hau sendotzea eta ugaltzea da.

Tokiko prentsa argitaratzen dituzten aldizkarietan, 36 dira TEEFen (Topagunea euskara elkarteen federazioa) baitan federatuak. Batez beste, euren aurrekontuen %51 inguru publizitatetik ateratzen dute. Iragarkietatik sartzen duten diru kopurua, 2,3 milioi eurotan estimatzen da.

Iragarkiak saltzeak suposatzen duen diru iturria asko hazi da euskarazko prentsa idatziarentzat azken urteotan. Hein handi batean, Tokiko prentsa-ren eskaintza ugaldu den neurrian, irakurle kopurua hazi egin da eta merkatariak konturatu egin dira sortu zaien aukeraz. Guztien onerako, geroz eta gehiago erabiltzen dute iragarleek eta baita irakurleek ere.

Hazkundeari begirada botaz gero esan genezake azken 15 urtetan Tokiko prentsa-ren tiradak gorakada handia izan duela. Horrela, gaur egun badituzte: astero 202.000 irakurle; hamabostero beste 145.000 irakurle gehiago; eta lehengoei hilerokoak eransten zaizkionean beste 160.000 irakurle gehiago. Euskaldunon Egunkaria bera 10 urtetan, egunero 50.000 irakurle gainditzera iritsi da. Tokiko prentsa, ez da egunero argitaratzen, baina askozaz zabalkunde handiagoa dute. TEEFeko Tokiko prentsa idatziaren argitaraldi bakoitzeko 160.000 aleko tirada dute eta 500.000 irakurle pasatxo jarraian. Gehienetan pertsona bakoitzaren izendapenarekin banatzen dira.

Hamabost urtez gorako euskaraz baliatzeko gai direnak: euskaldun elebakarrak, euskaldun hartzaileak (jasotzaileak) eta elebidunak,audientzia potentzial bezala hartzen dira. Guzti hauek, irakurtzeko gai dira. Euskal hiztun hauen kopurua 900.000 ingurukoa da. Hauen elkarbizitzako harremana oso ezberdina da. Batzuk euskal hiztunen ingurune batean bizi diren bitartean, elkarrengandik gertu, beste batzuk itsasoan galdutakoa modura bizi dira. Lehen esaten genuen bostehun mila irakurletara iristen direla, beraz, oraindik badago hazkundea programatzeko aukera.

Tokiko prentsa osatzen duten aldizkariek zabalkunde masiboa dute argitaratzen diren eremuan, baina euskal hiztunen geografiari begiratuta, banaketa ez da orekatua. Ale bakarrik banatzen ez diren zuloak badaude. Baita oso banaka hartzen dituzten guneak ere, batez ere hiriburuetan. Baina aurrekoari kontrajarrita, sendi guztietan jasotzen dituzten udalerri eta eskualdeak ere badaude. Nola nahi ere ezin da ahaztu, zabalkundearen intentsitatea, hein handi batean, euskal hiztun dentsitatearekin zer ikusia duen zerbait dela.

Artikulu hau irakurtzen ari den norbaiti honezkero galdera sortu zaio, ea Tokiko prentsa irakurri egiten ote den. Azterketak egin dira galdera honi erantzun nahian. Jakin behar da irakurri nahi duenak aldizkarian harpidetu egin behar izaten duela, naiz ez ordaindu, eskatu egin behar izaten duela. Eta hori egiten duenak bere borondatea agertzen du. Bestalde sendi guztietan denek ez dakite euskaraz. Hizkuntzak bere muga jartzen du. Baina aldizkaria hartu eta euskaraz dakiten gehienek irakurtzen dute. Gainera hurbiltasunak ematen duen ezagutza dela eta, euskaraz ez dakitenak ere askotan oso interesaturik agertzen dira. Beraz galderari erantzuna da irakurri egiten dela. Eta bide batez esan genezake, sinpati handiz jasotzen dela Tokiko prentsako aldizkaria.

Zer dakite iragarleek honetaz guztiaz? Zer egin daiteke iragarleak jakinaren gainean izateko? Horixe da TEEF-k Eusko Ikaskuntzaren laguntzaz urtarrilaren 17rako antolatu dituen jardunaldietan aztertuko dena.

Erantzun

Sartu