Teknologia albisteak

Itzulpengintza Automatikoa munduan eta Euskal Herrian. Dagoena eta egitekoa.

Erabiltzailearen aurpegia
editorea - Sustatu
2003-01-15 : 17:01

Hizkuntza Teknologiak graduondokoan saio osagarri gisa antolatzen ditugun mintegi edo mahainguruetako hau datorren ostiralean, urtarrilak 17, arratsaldeko 4retan egingo dugu.

Saio hau, beti bezala Eibarko Markeskoa Jauregian. Deialdia irekia da eta zabalik dago gai honekin interesatuta dagoen edonorentzat.

Mintegion helburua informatikari eta hizkuntzalarien arteko lankidetza sustatzea da. Gaiaren inguruko profesionalak mahai batean biltzen ditugu, beren esperientziak modu dinamikoago batean trukatzeko eta gainontzeko partehartzaileei ere (ikasleak eta kanpotik etorritako interesatuak) gaiaren inguruko eztabaidan parte hartzeko aukera emanez.

Oraingo honetan mahaikideak hauek izango dira:

  • Kutz Arrieta. Urte askotan Amerikako Estatu Batuetan ibili da lanean, hasieran Logos itzulpen-sistemaren enpresan, geroago Microsoft-en ere ibili da. Egun Oiartzunen hizkuntza teknologiaren inguruan sortu berri den Diana Teknologia enpresan ari da.
  • Joseba Abaitua. Tesia Manchesterreko UMISTen egin zuen Itzulpen automatikoaz. Fujitsu enpresaren itzulpen automatikoaren atalean lan egin zuen, eta gero hainbat proiektutan ibili da Deustuko Unibertsitateko irakaslea izanda. Orain Kataluniako Automatic Trans enpresarekin euskararako sistema baten bideragarritasuna aztertzen ari dira.
  • Gotzon Egia. Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteko sustatzaileetako bat, Senez aldizkariko zuzendaria, eta itzulpen-sistemen erabiltzaile aurreratua.
  • Arantza Diaz de Illarraza. Ixa taldeko sortzaileetako bat eta koordinatzailea. Ixa talde honen barruan itzulpengintzarako tresnak (izen-sintagmen itzulpena, lexiko elebidunen egokitzapena, adibideen oinarritutako itzulpena, ...) sortzen diharduen azpitaldeko kidea.

Erantzun

Sartu