Teknologia albisteak

Ordenagailuak, gu baino azkarragoak

Erabiltzailearen aurpegia
Dick Turpin
2003-01-03 : 11:01

Hogeita hamar urte barru izango dugu izaki zibernetiko bat, gu baino azkarragoa izango dena. Hori eta beste gauza asko esan berri ditu Vernor Vinge ikertzaileak elkarrizketa honetan.

Vernor Vinge-k hainbat liburu idatzi ditu ziberkulturaz, zientzia fikziokoak batzuk —True Names, esate baterako— edo baita saioak ere. Berak, adibidez, landu du berezitasun teknologikoaren teoria. Egun hauetako batean La Vanguardia egunkariak elkarrizketa hau egin zion.

  • Hogeita hamar urte barru egina izango dugu izaki zibernetiko bat gu baino azkarragoa…
  • Eta zuk nola dakizu hori?
  • Moore-ren teoria aplikatu baino ez dut egiten.
  • Norena?
  • Gordon Moore izan zen sortzailetariko bat Intel enpresan eta 1975ean erakutsi zuen urte birik behin bikoizten ari ginela mikrotxipen ahalmena eta martxa horretan segituko genuela etorkizunean ere.
  • Eta?
  • Bada nire kalkuluek berezitasun teknologikoaren teorian esaten didate hogeita hamar urte barru adimen artifizialak gaindituko dituela gizakion burmuinak: edukiko ditugu ordenagailuak eta ordenagailuen arteko sareak munduan zehar, gu baino adimentsuagoak izango direnak.
  • Mikrotxip ahaltsuagoak esan nahi dute adimen handiagoa?
  • Ummm. Galdera horrek gogorarazten dit orain hamar urte kexu esaten zutenekin “Zertarako nahi ditugu ordenagailu ahaltsuagoak, ezer ezin bada egin eurekin?”. Ez kezkatu, ahalmenak sortzen ditu erabilerak eta, beraz, adimena. Zuk darabilzun grabagailu horrek ahalmen bat du, orain urte gutxi batzuk larregikoa eta alperrikakoa jotzen zena.
  • Eta nola neur dezakezu gure garunen ahalmena eta alderatu makinenekin?
  • Hans Moravec, Carnegie Mellon Unibertsitatearen adimen artifizialeko laboratorioko kideak kalkulatu zuen gizakiok konputatzeko dugun ahalmena. Egia esan, gure konexioak motelak dira oso, baina orokorrean hartuz gero, mila milioi bider konplexuagoak dira egin dugun edozein ordenagailurenak baino. Gure ordenagailuak lerdo hutsak dira eta hori ordenagailuekin lan egin duen edonork esango dizu.
  • Hara!
  • Baina gogoan izan Moore-ren legea. Eta pentsa ezazu gai izan gaitezkeela oraintxe bertan eraikitzeko makina bat, gu baino azkarragoa izango dena.
  • Nola?
  • Horretarako behar dira bi pertsona sexu desberdinekoak eta, zientzia gaietan jantzita ez egon arren, bederatzi hilabete igaro ondoren…
  • Hori boutade hutsa da!
  • Ikusarazi nahi dizut ez dela hain zaila egitea makina bat gu bezain azkarra. Sinests iezadazu, galdera da: zer gertatzen da, Mooreren arabera, sortu eta handik bi urtera…?
  • Ez nazazu ikaratu.
  • Azpiespezie bat izango dugula giza jatorrikoa abereen erresumaren barruan.
  • Beteko al diztuzte gure aginduak makina azkar horiek?
  • Pentsa dezagun analogiaz. Jakin nahi badugu nola tratatuko gaituen izaki hobe batek, pentsa dezagun: nola tratatzen ditugu guk adimen txikiagoko izakiak?
  • Gaizki. Oso gaizki.
  • Pentsa ezazu apur bat gehiago. Lehen hipotesia: makina bikain horrek tratatzen gaitu animaliak tratatzen ditugun bezala.
  • Buf!
  • Bigarren hipotesia: makinak tratatzen gaitu haurrak tratatzen ditugun moduan.
  • Zerbait hobeto.
  • Hirugarren hipotesia: gu ez gara hain gizakiak izango sortu ostean adimen artifizial hori, ezta makinak ere hain mekanikoak.
  • Ez dakit ulertzen dizudan.
  • Integratu egingo gara izaki berri batean, zeina izango baita milioika aldiz adimentsuagoa gaur egun garena baino. Horixe da nire teoria.
  • Hogeita hamar urte barru?
  • Bai, horixe dio berezitasun teknologikoaren hipotesiak, Mooreren kalkuluaren gainean eraikia. Azken batean, nahikoa baita aurreramendu teknologikoak aurrera egitea gaur egungo martxan… Zertarako kezkatu pentsio planez?
  • Izan ere, bankuak izugarri maite nau eta interes handia du aurrez dezadan.
  • Bai. Baina hori ezdeuskeria hutsa izango da kontuan hartzen baduzu nola programatu zure bizitza hurrengo bi mila urteetarako.
  • Izango da patata frijiturik?
  • Je! Izan liteke atzerakadarik eta bat-bateko galgatzerik gure bilakaeran, baina ez badago hondamendi handirik, harrituko nintzateke aldi horretan gaindituko ez bagenu gure adimen naturala. Eta uste dut berezko bilakaera izango dela, besterik ez. Izadiaren planen zati bat gara.
  • Benetan bihotz-altxagarria hori jakitea.
  • Ez pentsa. Izan ere, badago bazterretan santukeria ekologiko lerdo samarra. Ea: oraindik ere, izadiak berak eragiten ditu hondamendirik handienak gure espeziearentzat. Lurrikarak, itsas ikarak, sumendiak edo glaziazioak ezezik, baita istripu sideralak ere.
  • Meteoritoak gu bonbardatzen.
  • Halaxe da. Esperantza lerdo bat dugu, zeinaren ustez itxaroten badugu besoak gurutzaturik eta lasai hitz egiten eguzkipean ezer kutsatu gabe, bizitzak ondo portatuko baita gurekin. Aitzitik, egia da egonean bagaude gure espeziearenak egin duela, baina lantzen baditugu geure posibilitate guztiak azkeneraino…
  • Zer?
  • Bada joko dugula datozen hogeita hamar urte arteko historia osoa gizateria adimentsuaren benetako historiaren atariko xumetzat.
  • Hori guztia ez da zientzia fikzioa?
  • Jakina. Eta zer? Baita Jules Verne eta beste asko ere, zeinen iragarpenak inoiz bete ez ziren, baina haiek gutxienez pentsarazi ziguten gizaki garen neurrian ditugun aukeren gainean.

Erantzun

Sartu