Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, XVI. Jokin Zaitegi Sariketa antolatu dute.
Lehenengo aldiz Literaturako Nobel saridun baten lana itzultzeko erabiliko da sariketa, ondorengo oinarrien arabera:
- 2002an Suediako Akademiak Imre Kertész idazle hungariarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Kertész-ek idatzitako Sorstalanság eleberria itzularaztea da.
- Liburu hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, obraren lehenengo hiru orrialdeak euskaratu beharko ditu, eta egindako lan horrexen hiru kopia bidali AED Elkartearen egoitzara (Pablo Uranga 4 behea, 20500 Arrasate), 2003ko
urtarrilaren 17a baino lehen; ez da itzultzailearen izenik agerian jarriko, baina bai goiburu bat; itzultzailearen datuak eta telefonoa gutunazal itxi baten barruan adieraziko dira, eta sobre horren azalean goiburu bera errepikatu.
- Itzulpenerako jatorrizko hizkuntza hungariera da; hala ere, jakinik zaila dela hungariera menderatzen duen euskal itzultzailerik aurkitzea, antolatzaileek alemanierazko bertsiotik abiatzea gomendatzen dute, eta beste hizkuntza bat edo bi gehiago erabiltzea kontraste moduan. Lehen hiru
orrialdeei dagozkien testuak hungarieraz, alemanieraz eta beste zenbait hizkuntzatan, antolatzaileek jarriko dituzte partehartzaileen esku, hauek eskatu ahala telefonoz, idatziz nahiz e-mailez. Internet bidez ere lortu ahal izango dira testuok, ondoko helbide honetan.
- Joxe Azurmendik, Ibon Uribarrik eta Xabier Mendiguren Bereziartuk osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2003ko urtarrilaren amaiera baino lehen. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute.
- Irabazleak 3.500 euroko saria irabaziko du Sorstalanság eleberria osorik itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2003ko irailaren 1ean entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
- Elkar etxeak eskubideak aurrez eskuratuta argitaratuko du Sorstalanság eleberria euskaraz, eta 2003ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan abarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaile, laguntzaile eta babesleek ere dagokien tokia izango dute edizioan.
- Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.
Informazio gehiago eskatu emailez edo telefonoz: 943771228
Erantzun
Sartu