Gipuzkoako Ekonomiako foru-diputatuari kontu hartu zioten atzo Donostian ekitaldi batean euskaraz egiteagatik. Ongi etorria ematen ari zela jardunaldi batean euskaraz, entzuleen artetik batek "¡Hable en castellano!" oihu egin omen zion.
Mariano Ferrerren programan entzun dut Herri Irratian. Atzo inauguratu zen Donostian, Miramar Jauregian, makina-erremintako eta fabrikazio teknologien 14. jardunaldia, INVEMA Makina-Erremintako Ikerketa Fundazioak eta AFM klusterrak antolatuta.
Nonbait, Jose Ramon Beloki, ekonomiako foru diputatuak, hitz egin zuen irekieran, Gipuzkoako Foru Aldundia delako jardunaldietako sustatzaileetako bat. Belokik euskaraz hasi zuen hitzaldia, hainbatetan gertatzen den bezala, ongi etorria emateko biltzarkideei. Baina hirugarren esaldian zihoala, publikotik norbait altxatu eta oihu egin zion: ¡Hable en castellano!
Mariano Ferrerri entzun diodanez, ez omen zuen Belokik euskarazko hizketaldia amaitu. Baina, egia esan, ez dakit zein izan zen foru diputatuaren erreakzioa. Biltzarrean 250 lagun daude elkartuta, atzoko eta gaurko egunez.
Ferrerrek datu bat gehitu du, Jardunaldien eskupaperetan biltzarraren hizkuntza ofiziala gaztelania dela esaten dela. Eta ekitaldi batzuetan gaztelaniatik ingeleserako itzulpena egongo dela. Jardunaldien gunean ez dut aurkitu hizkuntza ofizialaren datu hori, baina informazioa gaztelaniaz eta ingelesez besterik ez dago.
Makina-erraminta sektore nahiko gipuzkoarra dela esango nuke. Euskara bizirik dagoen eremu industrial batekoa. Prentsan ez da kontuaren inguruko ezer agertzen gaur.
Erantzun
Sartu