Bi egunetan bete ziren EIZIEk eta Udako Euskal Unibertsitateak itzulpen memoria sistemen inguruan antolatutako ikastaroan eskaini genituen 25 lekuak! Jende ugari ikastaroa egin ezinik gelditu da, zoritxarrez.
Izen emateko epea zabaldu, eta bi egun aski izan ziren EIZIEk eta Udako Euskal Unibertsitateak itzulpen memoria sistemen inguruan antolatutako ikastaroan eskaini genituen 25 lekuak betetzeko.
Egia esan, EIZIEn bagenuen susmoa itzultzaileen artean gai horrek jakin-min handia piztua zuela, baina ezustekoa izan da izen emateak hain agudo amaitu izana. Gainera, UEUk on-line izen emateko aukera jarri zuenez, zenbait jendek dirua aurrez kutxan ordaindu eta gero jakin izan zuen ikastaroa beterik zegoela. Halako egoeran gertatu diren guztiei barkamena eskatzen diegu EIZIEren izenean. Hurrengo baterako halakorik ez izateko neurriak jarriko ditugu.
Lehen ikastaro honen arrakasta itzela ikusita, aztertzen hasiak gara ekainean bigarren ikastaldi bat egiteko aukera. Ahaleginduko gara lehenbailehen horren berri ematen.
Jakina denez, lehen ikastaro hau Eibarren izango da, 2002ko maiatzaren 13tik 16ra bitartean. Ikus hemen ikastaroaren programa zehatza.
Erantzun
Sartu