Maiatzaren 13tik 16ra bitartean Itzulpengintzarako softwarea (ItzulSoft) izeneko ikastaroa antolatu da UEUko Ikastetxe Nagusian, Eibarren. Lau arratsaldetan egingo da, 16.00etatik 20.00etara. 20 ikasle besterik ezin dugu onartu, beraz bizkor ibili!
Ikastaroaren antolatzaileak EIZIE eta UEU dira.
Ezin ukatuzkoa da itzulpengintzan azken urteotan gero eta garrantzi handiagoa hartuz joan direla behar horretan laguntzeko tresnak. Orain dela bost urte ia pentsaezina zen arren, gaur merkatuan hamaika tresna, makina bat programa azaldu dira itzultzaileari eguneroko behar neketsua arintzeko. Horietako batzuk landuko ditu ikastaldi honek: itzulpen memoriak gestionatzeko programak. Ikastaroak, jakina, alderdi teorikoa izango du, baina alderdi praktikoa nagusituko da batez ere. Hau da, ikaslea programa bakoitza etxean edo lantokian erabiltzen hasteko moduan uztea izango da helburu nagusia.
Programa horietako batzuk doakoak dira, besteak saripekoak. Beraz, ikasle bakoitzak hautatu beharko du zeri heldu, alderdiak alderdi, guztion oinarri oso antzekoa da eta.
Ikastaroak kontuan izango ditu bi plataforma nagusiak: Mac-ak eta PC-ak, hau da, denon beharrak asetzeko moduko baliabideak eskaintzea ez da alde batera utziko.
Beste helburuetako bat izango da partaideak beren lehengo itzulpenak memoria bihurtzeko moduan jartzea.
Azkenik, itzulpen programa komertzialez gain, irakasleetako batek berariaz sorturiko tresna lagungarri batzuk erakutsiko ditu, baita ikasleak horrelakoak sortzeko bidean jartzeko oinarria eman ere.
Matrikula epea: 2002ko apirilaren 8tik maiatzaren 7 arte. Soilik 20 lagunentzat. Matrikula-bidea UEUko web-gunean duzue, hemen. Helbide horretan bertan dituzue egitaraua eta xehetasun guztiak.
Erantzun
Sartu