Teknologia albisteak

"Pete Cenarrusak ahoa isilarazi zion Rupérez jaunari"

Erabiltzailearen aurpegia
Maria eta Aitziber - Arrasate Irratia
2002-03-21 : 14:03

Idahon bizi den arrasatearrarekin, Nere Indarekin, elkarrizketa egin du Arrasate Irratiak. Horixe bera jaso dugu Sustatun ere. Hango senatuak Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea aitortzen dion adierazpena onartu du. Erabaki horrek hainbat bazter harrotu ditu. Horren gaineko ellkarrizketa luzea duzu hemen.

"Idahoko Estatuak txosten bat onartzea Euskal Herriaren autodeterminazioaren gainean hango euskaldunek egin dezaketen guztia da. Eta asko da"

Lau esalditan:

  • Euskaldunak idahon “Idahon euskal komunitatearen ordezkaritza handia dago. Egia da komunitate minoritarioa dela, baina era berean, indar handia dauka Idahoko gizartean”
  • Senatuen batzordearen erabakia “Oso emozionatuta daude, batez ere, euskararen eta euskal kulturaren alde egin dezaketen guztia egiten ari direlako. Baina nahiko harrituta daude lortu den oihartzunarekin”
  • Euskara irakasten “Hogei ume ditut eskolan eta horietatik, lauk baino ez dute egiten berba euskaraz etxean. Euskal kultura eta folklorea gordetzen dute, baina euskara falta zaie”
  • Autodeterminazioa eta independentzia “Hemengo egunkariek nahastu egin dituzte bi kontzeptuok. Eta Euskal Herria zer den, egoera zein den, eta abar azaltzeko, ahalegin berezia egin da oraingo egunotan Boise-n”

Elkarrizketa osorik:

Idahoko Senatuaren batzordean onartu egin da ‘Bieter proposamena’, aldaketa batzuekin. Zer da, zehatz-mehatz, Idahon onartu duzuena?

Bueno, atzo (astelehena) onartu zuten Idahoko Senatuen batzordean proposamen hori, baina oraindik, aste honetan, egubakoitza baino lehen, onartu egin behar da Ameriketako Estatu Batuen senatuen beste batzorde baten; hau da, 63 senatuk aztertu eta eztabaidatu behar dute proposamen hori eta hemen erabakiko dute aurrera edo atzera egiten duen proposamenak. Hortaz, oraindik ez da guztia bukatu. Baiezkoa bada, orduan bidaliko dute onartutako txostena Washingtonera. Juan Carlos erregeari beste txosten bat bidaliko diote, beste bat Aznarri…

Esan egiguzu, zer dio ‘Bieter proposamenak’, bada?

Batez ere, eta funtsean, Idahoko Estatua Euskal Herriaren autodeterminazioaren alde agertzen da. Hasiera baten ez zen ETAren aipamenik egiten. Txostenean esaten zen autodeterminazioaren aldeko bidea egiteko, lehenbizi, biolentzia mota guztiak gelditu egin behar zirela. Baina ez zen zehazten zer biolentzia motari buruz ari ziren, ETArena edo Frantziako eta Espainiako estatuena. Martxoaren 8an, berriz, Ordezkarien Ganberako Osoko Bilkurak erabaki behar zuen txostenarekin aurrera egin edo ez. Batzarra eguerdian egitekoa zen, baina goizean barrena Espainiako enbaxadoreak, Rupérez jaunak, deitu egin ei zion Pete Cenarrusari, esanez ez zekitela oso ondo zeri buruz ari ziren eta zer zen onartu nahi zutena, hau da, Euskal Herriko gatazka politikoaren gainean oso ondo informatuta ez zeudela. Bueno, bada, Pete Cenarrusak ahoa isilarazi zion Rupérez jaunari, esanez norbaitek Euskal Herriko gatazka politikoaren berri jakin nahi izanez gero, badaukala aukera: Interneten bidez, egunkarien bidez… Eta orduan, telefonoa eskegi egin zion. Eta Rupérez jauna, izututa-edo, Washingtonera deika hasi zen. Eta han, Barne Seguritateak presio handia egin du. Esan behar da Barne Seguritateak indar handia duela, batez ere, irailaren 11ko atentatuen ondoren. Erakunde horrek deitu ei zion Pete Cenarrusari eta senatuko buruari, esanez txosten hori zehatzago aztertu behar zela eta ezin zela egubakoitzean, martxoaren 8an, onartu. Presio hori dela eta, egubakoitzean, eztabaida gogorra izan zen Idahoko senatuan. Batzuek zioten txostena egubakoitzean bertan onartu behar zela eta senatuaren buruak, ostera, ezetz, astelehenera arte ez zela erabakiko. Eztabaida gogor eta sutsua izan zen, ni neu hantxe egon nintzen eta bertatik bertara jarraitu nuen eztabaida.

Azkenean, baina, astelehenean onartu dute proposamenoi. Baina zer onartu dute? Hemen axola zaigu Euskal Herria egunotan hizpide izan dela Amerikako Estatu Batuetako Idahon.

Batetik, biolentzia geldiaraztea, batez ere, ETAk geldi dezala bere ekimen armatua. Bestalde, Bake Prozesua abiaraztea, eta, azkenik, Euskal Herriari autodeterminazio eskubidea aitortzea.

Eta zergatik sortu da Euskal Herriaren inguruko eztabaida une honetan Idahon?

Hemen, euskal komunitatearen ordezkaritza handia dago. Orain dela urte asko, artzain euskaldun ugari etorri zen hona. Egia da komunitate minoritarioa dela, baina era berean, indar handia dauka Idahoko gizartean. Hemengo askok eta askok harremana dute euskal kulturarekin, eta euskal ohiturari eta kulturari eusten diote. Saiatzen dira Euskal Herriarekin harremanei eusten. Bietertarrak, esaterako, orain dela 30 bat urte Oñatira joan ziren. Ama euskalduna zuten eta aita irlandarra, eta familia osoa Oñatira joan zen bisitari. Gero, berriz ere hona etorri ziren, eta hemen, familiako semeak-eta botere postuak hartuz joan ziren: bat epailea da, beste bat senataria… Epailea Errenteriako neska batekin ezkonduta dago… Esan nahi dut badutela euskararekiko grina berezia. Gauzak horrela, Dave Bieterrek txosten bat prestatu zuen. Hasieran, sinboliko samarra zen. “Guk zer egin dezakegu?” galdetzen zioten euren buruari. Eta horrela hasi zen kontu guztia. Egia esan, eurak ere harrituta daude kontu horrek guztiak izan duen oihartzunarekin. Orain dela egun batzuk, hemengo lagun batekin elkartu nintzen eta esaten zidan Idahoko senatuaren txosten horrek oihartzuna izan duela ez bakarrik Espainian edo Frantzian; Argentinatik, Australiatik eta beste toki batzuetatik posta elektroniko bidezko mezu ugari jaso dituzte, euskaldunek bidalitakoak: esaten dute han ere horrelako ekimenak bultzatuko dituztela, eta abar.

Zelan bizi da Boise-n, kalean, kontu hori guztia?

Interes handia dago. Kapitoliora jende asko joan da eta euskal komunitatean, behintzat, oso emozionatuta daude, batez ere, euskararen eta euskal kulturaren alde egin dezaketen guztia egiten ari direlako. Nahiko harrituta daude kontu horrek izan duen oihartzunarekin. Badira zuhurragoak edo ez hain optimistak direnak ere.

Argi dago, behinik behin, Idahon bizi diren euskal jatorrikoek ez dutela Euskal Herria ahazten.

Bai, bai, bai, hori hala da. Gauza asko egiten dute euskal kultura gordetzeko eta bultzatzeko.

Gerta liteke, baina, hasierako zalaparta horren ostean kontua apur bat hoztu eta albo batera geratzea, ezta?

Bai. Dave Bieterrek eta Pete Cenarrusak egin zezaketen guztia egin dute. Ezin dezakete gehiago egin. Orduan, Idahoko Estatuak txosten bat onartzea Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen alde, bada, asko da. Ezin dezakete gehiago egin.

Edozelan ere, ez da gutxi lortutakoa. Kontuak kontu, Nere, politika ikastaro azkar batzuk ere eman behar izan dituzte han, Idahon, autodeterminazioa eta independentzia moduko kontzeptuak zer diren senatariei azaltzeko, ezta?

Bai. Hemengo egunkariek nahastu egin dituzte bi kontzeptuok. Eta Euskal Herria zer den, egoera zein den, eta abar azaltzeko, ahalegin berezia egin da oraingo egunotan Boise-n. Baina hori normala da. Konturatu behar gara euskaldunak ez garela Idahoko jaun eta jabe, baizik eta komunitate minoritarioa garela. Hemen, esaterako, ez dute ulertzen zelan Euskal Herriak lau probintzia dituen Espainian eta beste hiru Frantzian, eta zelan hiru probintziak euskal gobernua aukeratzen duten eta laugarren batek ez. Guretako ulertzeko hain erraza dena hemen ez dute hain erraz ulertzen, eta hemengo senatariei hori azaltzea nahiko zaila izan da.

Zu zeu irakasle zara Boise-n, ume txikien irakasle. Zure ikasleei ez diezu Euskal Herriaren gatazka azalduko, baina akaso haien gurasoei bai, ezta?

Boise-ko ikastolako guraso gehienak oso sartuta daude euskal komunitatean. Orduan, gehienak Kapitoliora joan dira. Badakite zeri buruz eztabaidatu duten senatariek. Oso gertutik jarraitu dute dena.

Azaldu egiguzu, zer egiten du arrasatear batek Idahon?

Hemen badago Haur Hezkuntzako ikastola bat. Hiru uretik bost urtera arteko umeak etortzen dira eskolara.

Eta euskaraz irakasten diezu?

Bai, bai, euskara hutsean. Ni abuztuan etorri nintzen hona. Abuztu amaieran hasten da ikasturtea hemen. Eta nire ingeles maila hutsaren hurrengoa da. Niri oso ondo etorri zait ingelesa ikasteko; izan ere, hemen oso familia gutxik egiten dute euskaraz. Hogei ume ditut eskolan eta horietatik, lauk baino ez dute egiten berba euskaraz etxean. Euskal kultura eta folklorea gordetzen dute, baina euskara falta zaie.

Badakigu ume horiek ederki babesten zaituztela. Ingelesez ondo moldatzen ez zarenez, lagundu egiten dizutela.

Bai, batzuetan liburutegira edo beste nonbaitera irteten gara. Hemen denek egiten dute ingelesez, normala den moduan. Orduan, behin, liburutegira joan ginen eta han mapamundi handi bat, esfera bat zegoen. Eta umeak hasi ziren: “Hemen dago Boise, baina non dago Euskal Herria?”. Orduan, etorri zen guregana liburutegiko arduraduna eta esan zidan: “Gura baduzu mapamundiak badauka argia. Ixotu argia eta hobeto ikusiko duzue”. Jakina, ingelesez berba egin zidan. Orduan, bi mutikok esan zioten liburutegiko arduradunari: “Gure andereñoak ez daki ingelesez, itxoin, itzuli egin behar diogu”. Itzuli egin zidaten euskarara liburutegiko arduradunak esandakoa eta galdetu zidaten: “Ixotuko dugu argia? Bai? Bada, zu trankil, e? Guk esango diogu ingelesez, guk badakigu-eta”.

Nerea Inda: Euren arbasoei zor diete euskal kultura gorde izana

Arraroa egiten zaigu jakitea Boise-n badagoela ikastola bat eta gaur egun badirela guraso batzuk euren seme-alabak ikastola horretara eroan nahi dituztenak. Zertarako nahi dute euren umeek hezkuntza euskaraz jasotzea?

Gehienbat, euren arbasoei zor dietelako. Oso harro daude euskaldun izateagatik. Eurendako oso garrantzitsua da euskaldun sentitzea. Badute nahiko azpiegitura euskal folklorea bultzatu eta gordetzeko, baina euskararekin harreman txikia dute. Hori dela eta, erabaki zuten ikastola sortzea. Beste alde batetik, esan behar da hemen, Ameriketako Estatu Batuetan, bost urtera arte ez direla umeak school-era joaten.

Ze adineko umeak dituzu zuk?

Hiru urtetik bost urtera bitartekoak. Gero, badaude beste lau ume sei urtekoak. Horiek lehenengo mailan daude. Baina ikastolatik ezin dira zuzenean lehen mailara joan. Orduan, Kindergarten deritzona egin behar dute, derrigorrez, pare bat orduan egunero. Badago mutiko bat Kindergarten horretan diharduena eta oraingo udan Arrasatera joateko asmoa duena. Bere birramona lekeitiarra da. Arrasaten ez dauka familiarik, baina nik esan nion udan bazeudela udalekuak, bazegoela Txatxilipurdi.

Erantzun

Sartu