Teknologia albisteak

Rip-en letrek indar handia dute oraindik

Erabiltzailearen aurpegia
Maider - Goienkaria
2002-03-20 : 22:03

Karlos Agirreurretak Goienkariak egindako elkarrizketa batean esan duenez: "Baliteke RIP taldearen letrek inoiz baino indar handiagoa izatea orain, putakeria izan arren." Punka zer den ere esan du: "Ezarpenaren aurrean inkonformista azaldu direnen jokaera da punka”

RIP ez da inoiz hilko? Ez dakit, baina badirudi jendea oraindik RIPen abestiak entzuteko gogoarekin dabilela. Baliteke RIP taldearen letrek inoiz baino indar handiagoa izatea orain, putakeria izan arren.

Eta zergatik da putakeria? Duela zenbait urte egindako abestiek indarra dute oraindik, RIP taldeak bere abestietan kritikatzen duenak berdin edo okerrago segitzen duelako. Horrek amorrua ematen du. Hori guztia iraganaren parte izatea gustatuko litzaidake. Abesti horiek egiterakoan, zenbait gauza hobera aldatuko ziren ustea genuen.

Damutzen zara RIP taldearen handitasunari etekin gehiago ez ateratzeaz? Ez. RIPek ez du inoiz helbururik jarri. Taldea sortzerakoan besterik gabe sortu zen, gure bizitzaren parte balitz bezala. Orain, beste esanahi bat du. Beste helburu batzuekin egiten dugu musika, baina ez etekinak ateratzeagatik.

Baina, diskoetxe batzuek dirutza polita egin dute zuen musikaren kontu. Orain auzi izugarria izaten ari gara No Te Muevas eta Zona Especial Norte diskoengatik. Batzuk konturatu ziren ekonomikoki probetxugarri ginela, eta adarra jo ziguten. Orain, gure disko biak guk kontrolatu gura ditugu, jendea gu bezalako taldeez aprobetxatzen ari da-eta.

Eta zuri ez litzaizuke gustatuko ogibidez musikari izatea? Ni autobus gidaria naiz lehenengo, eta gero musikaria. Eta ez litzaidake gustatuko ogibidez musikari izatea, autobus gidari hobea naizelako musikaria baino. Dena dela, kantatzerakoan sentitzen dudan amorrua sentitzea gustatzen zait, eta amorru hori erakustea.

Sasoi bateko abestien letretan sinesten duzu oraindik? Lehen baino gehiago. Ikusi besterik ez dago Euskal Herrian zer gertatzen den. Bi pentsamolde eta jokaera erradikalizatu dira, eta horietako bakoitza bere arrazoia justifikatu guran dabil. Nik jokaera horietako baten sinesten dut. Baina ezin ditut ikuspegi berberaz ikusi ideologia konkretu bateko jendearen portaera eta estatuaren ekinbidea. Estatuak gazteak kartzelara eramaten ditu, egunkariak itxi, alderdi politikoak legez kanpo utzi… eta ez dago horri erantzuna ematerik. Horren aurrean kontra ofentsiba bat dago, egoera manten dadin. Horri etekin handiena Espainian gaur egun boterean dagoen alderdiak ateratzen dio.

Gaur egun moda bilakatu da punka? Uste dut punka sekula ez dela modan egon. Ezarpenaren aurrean inkonformista azaldu direnen jokaera da punka.

Elkarrizketa: Maider Osa

Erantzun

Sartu