Teknologia albisteak

Makina-erremintak zapatuan itxiko ditu ateak

Erabiltzailearen aurpegia
Editorea - sustatu
2002-03-14 : 13:03

Hurrengo bienala Barakaldon izango bada ere oraindik gaurko eguna, biharkoa eta etzikoa dituzu bisitan joateko. Ez eraman txamarra handirik. Beroa izugarria, jende piloa, 1760 enpresa, 630 erakustoki 42.382 metro koadroko azaleran. 55.000 bisitari inguru espero dituzte.

Astelehenean inauguratu zuen lehendakariak Bilboko Nazioarteko Makina-Herreminta Bienala. Eta, inaugurazio ekitaldian hiru gauza azpimarratu zituzten bildutakoek. Batetik, Iranen hegazkin istripuan hildako Fagor Arrasateko lau langileak gogoan izan zituzten, besteak beste, Fagor Arrasate bienaleko “ohiko” bat da-eta. Bestetik, krisia. Iazko udatik gainbeheran ari da ekonomia eta hori igartzen dute makina-erremintaren alorrean dihardutenak. Edozelan ere, aurten, makina-erreminta eskaria %24 igoko dela aurreratu zuen lehendakariak. Azkenik, erakustazokak tokiz aldatuko duela ziurtatu dute antolatzaileek. Hurrengo bienela, Barakaldon egingo da.

Makina-herremintaren alorrak bere biziko garrantzia dauka Euskal Herriko ekonomian. Alemaniaren eta Italiaren ondoren, Europako indartsuena da. Estatu espainoleko makina-herreminta enpresen hirutik bi Euskal Autonomi Erkidegoan daude, eta horietako asko Deba arroan, Elgoibar inguruan batez ere.

orain artekoak

Bost hamarkada, gero eta arrakastatsuago Bilboko Nazioarteko Erakustazokak eta Espainiako Makina-Erreminta Egileen Elkarteak sortu zuten erakusketa hau 60ko hamarkadaren hasieran. Gaur egun, munduan egiten diren mota horretako zazpi azoka garrantzitsuenen artean dago. Goranzko bilakaera horri esker, aurten iaz baino parte hartzaile gehiago izan dira. Aurten, enpresa gehienak Europar Batasunekoak dira; parte hartzaileen %45 dira.

baikortasuna

Makina-erreminta eskaria igo egin da Ekonomia gainbehera bete-betean zegoela hasi genuen urtea; makina-erremintaren eskariak %3 behera egin zuen. Baina urte hasieratik hona, eskariak %24ko gorakada izan du, eta horrek, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak inaugurazio ekitaldian esan zuenez, “suspertze ekonomikoa” iragartzen du. Antolatzaileek azken azokako arrakasta gainditzea espero dute.

parte hartzea

Enpresa kopurua, pabilioiak, azalera… Hogeita bigarren erakustaldi honetan, 1.760 enpresa ari dira parte hartzen, 630 erakustoki edo postutan banatuta. Erakusteko den azalera osoa 42.382 metro koadrokoa da; hau da, Bilboko Nazioarteko Erakustazokako zortzi pabilioiak erabiltzen ari dira. Mundu osoko 34 herrialdeko enpresak etorri dira; Espainiatik, Madrilgo, Kataluniako eta Valentziako parte hartzaileak daude Bienalean.

Etorkizuna

Bilbon azkeneko aldiz izango da Bienala Makina-Erremintaren Nazioarteko Bienala hogeita bigarren eta azkeneko aldiz egin da aurten Bilbon; 2004.etik aurrera, Barakaldon egingo dute. Hango erakustazokak zazpi pabilioi izango ditu, eta azalera erabilgarria 117.700 metro koadrokoa izango da; hau da, Bilboko erakustazokan baino %40 azalera erabilgarri gehiago du, hortaz, egokiagoa izango da.

Zapatura arte

Goizeko hamarretatik zazpiak arte zabalik Astelehenean zabaldu zituen ateak erakusketa azokak eta zapatura arte egongo da zabalik. Ordutegia: 10:00etatik 19:00etara. Sei egun irauten ditu, beraz, azokak, baina prestaketa lanek askoz ere gehiago. Horrelako azoketan parte hartzen duten enpresek —makinak bertara eroaten dituztenek, behinik behin—, gutxienez, hilabete ematen dute prestaketa lanetan. Antolatzaileekin harremanetan ipini, erakustokiaren planoak aztertu, makinak garraiatu, muntatu, desmuntatu... Asko izaten da egitekoa. Ikusgarriak ei dira azokaren aurreko eta ondorengo egunak. Kamioiak, garabiak... jo eta ke aritzen dira lanean. Sekulako zoramena izaten ei da.

Euskara nagusi

Euskaraz hartu gaituzte ia denek Goienkariarako elkarrizketak egitera joan ginenean. Debagoieneko 13 enpresa daude aurten Bilboko Makina-Erreminta Bienalean. Eguaztenean, izan ginen bertan. Gure ibarreko enpresen erakustokiak banan-banan bisitatu genituen. Arduradunekin berba egiteko aukera ere izan genuen. Eta, ustekabe atsegina hartu genuen. Bitan izan ezik, gainerako 11 estandetan euskaraz hartu gintuzten. Euskal Herrian daude estatuko makina-erreminta enpresa gehienak. Horietako asko, guretik gertu, Debabarrenean. Eta gehienak enpresa txikiak dira, euskaldunek sortu eta kudeatutakoak. Hori argi antzematen da Bilboko azokatik buelta bat emanez gero. Euskara eta makina-erreminta eskutik doaz.

Erantzun

Sartu