Teknologia albisteak

Ruper Ordorika: "Barne iturria zabaldu eta urari bere bidea egiten utzi diot"

Erabiltzailearen aurpegia
Goienkaria - Goienkaria
2001-11-08 : 13:11

Beste disko profesional bat

Beste disko profesional bat

Beste bat, hamabigarrena delako, eta beste bat, Rupertorioko gainerakoak bezain ona edo hobea da-eta. Badira bi Ruper, bata Ez da posible aurrekoa; bestea, ostekoa. Duda barik, disko hau So ik so izan zenarekin hasitako bideari jarraiki egina da. Gitarrek orduan hartu zuten indarra, eta horien bitartez lortzen ziren atmosfera ezberdinak orain ere nabari dira, batzuetan ilun, behe-lainoa osatzen, gris, eta, era berean, fresko. Ez dago alferrik disko honetan Ben Monder (Marc Johnson, Paul Motian, Lee Konitz?) jauna. Ez du talde makala batu inguruan, Fernando Saundersesk (Lou Reed, Marianne Faithfull?) astindu du gitarra apala eta baterian Kenny Wollesenek (John Zorn, Marc Ribot, Bill Frissel?) jardun du.

Iban Arantzabal

Elkarrizketa mardula irakurtzeko klikatu:

Izenburu baikor eta sugerentea duen bere bederatzigarren diskoaren aurkezpen ekintzetan buru-belarri sartuta harrapatu dugu Ruper Ordorika abeslaria (Oñati, 1956). Hurrengo Goizean iraupen luzeko diskoarekin, hein baten, lehengo bideari jarraitzen dio Ruperrek; baina hainbat berritasun ere badakartza.

Sarri jo izan duzu beste idazle batzuengana abestiak idazteko. Hurrengo Goizean diskoa, ordea, zeuk idatzi duzu osorik. Norabide aldaketa baten seinale?

Ez dakit horrek ezer berezirik esan gura duen. Lehenengo diskoa Bernardo Atxagaren testuen gain grabatu nuen; bigarrenean, ia guztiak nireak ziren, baina egia da, bai, beste idazleen testuak hartu izan ditudala. Horretarako identifikazio bat behar da; irakurlea naiz eta testuak aukeratzen saiatzen naiz. Batzuetan, testuak etorri egiten zaizkit: zer edo zer irakurri eta ?hau abestu egin behar dut? esaten diot nire buruari. Batzuetan, pentsatzen dut hori babes antzekoa dela: letra hain ona baldin bada, abestia ere ona izan beharko? Arrisku handiagoa da norberak idaztea bere letrak.

Orain, zelan definituko zenuke zure burua: kantautore, musikari, musika idazle, kultura munduko sortzaile??

Kantautorea naiz. Hitz zakarra da, zakarra benetan, baina horixe naiz ni, kantuak ematen dituen pertsona. Hori bai, inor ez da bide bakarrekoa. Zaila da norberaren burua definitzea.

Zein gai aukeratu dituzu disko berrirako?

Ez daukat gairik, oso gutxitan egiten ditut kantuak gai baten inguruan. Kasu honetan, neure iturritxoa ireki dut, eta urari bere bidea egiten utzi diot. Badaude, bai, gai nabarmenak: single moduan atera den abestia, Bihotz Begiekin, gai konkretu baten gainekoa da: ni kanpoan bizi izan naiz, eta orain, Oñatira, sorlekura, itzulita, ingurunea zelan aldatu den konturatzen naiz. Gure ibar hau hiri handi bilakatzen ari da.

Disko osoan zure inguruko gauzetaz berba egin duzu? Inguru fisikoak ematen du gairik, bai; baina norberaren barruan leku fisikoak bezainbateko eragina duten beste paraje eta egoera batzuk izaten dira.

Hainbat adituk euskal saudade moduan definitu du zure estiloa. Lan berriari etiketa hori ipiniko zenioke?

Definizio horren atzean badago beste esanahi bat, alegia, malenkonia. Egin berri dudan diskoa nahiko alaia dela esango nuke, nahiz eta malenkonia printzak ere badituen. Izan ere, sentimendu horrek guztiok zelabait motibatzen gaituela uste dut. Dena dela, batzuetan zentzu literala aurkitzea gustatzen zaigu irakurtzen edo entzuten ditugun testuetan, eta nik uste dut berba soilak badaukala bere misterioa. Ahotsa bera misterioa da.

Disko alaia dela esan duzu? Izenburua ere baikortasun horri begira ulertu behar dugu?

Horren zergatia da nik, askotan, tituluak diskoa egin aurretik pentsatzen ditudala; baina, kasu honetan, ez zen horrela gertatu. Musika kritika baten irakurri nuen disko jakin hark ?hurrengo goizean? egindako musika zirudiela, hau da, ez festa momentuan, baizik eta horren ondoren. Orduan bururatu zitzaidan badagoela musikan gustuko dudan ezaugarri bat: geldotasuna, lasaitasuna, tempo berezi hori; baita benetakotasuna ere, eta goizak horiek guztiak adierazten dituela. Horixe aditzera eman gura nuen. Gainera, aurreko diskoa ?gaur? eginda bazegoen, hau ?hurrengo goizean??

Zure hasieretan, rock anglosaxoia boladan zegoenean, zuk euskal kantutegira begiratu zenuen. Zure kontura joatea duzu gustuko, boladei kasu egin barik?

Ni oso musikazalea naiz, hori alde batetik; baina, bestetik, neure hariari tiraka ibiltzen saiatzen naiz, zer entzuten denaren gaineko burutazio taktiko larregi barik, hori erotzekoa litzateke-eta. Banabil urteotan kantari, eta modak pasatzen ikusi ditut. Nik benetan sentitzen ditudan gauzak egiten saiatzen naiz, eta hori ahalik eta gusturena egiten. Horrek ez du esan gura iraultzailea naizenik? hitz hori handiegia da? nire eginkizunean murgiltzen eta lana zaintzen saiatzen naiz, beste barik. Musika asko eta desberdina entzuten dut, baina neurea egiteko orduan, ez ditut horiek kontuan hartzen.

Zaila egiten zaizu zure hari horri leiala izatea?

Lan handia ematen du, bai. Baina musika nire pasioa da, eta oinarrizko gauza bat, gainera; betidanik izan dira kantariak eta kantu egileak, eta jardun horrek ez du inongo teorizaziorik. Disko bakoitza aurrerapauso bat da, eta ematen dudan pauso bakoitzeko hurrengoa antzematen da. Horretan datza guztia.

Alde batetik, oso kosmopolita izan zara, asko bidaiatu duzu eta leku askotako musikariekin lan egin duzu. Baina euskal musikaren erroak ere arakatu dituzu. Korronte betegarriak dira zuretako?

Bai. Ni horrelakoa naiz; ez dut ahalegin berezirik egin behar zaletasun horiek uztartzeko.

Musikari moduan, hainbat estilo landu izan dituzu. Entzule moduan, zerk erakartzen zaitu? Eta ekoizle moduan?

Bietan, denetarik. Esan beharra dago ekoizle lanetan ez naizela aspaldi honetan ibili; hainbat ekoizpen egin ditut, bai -Hertzainak, Maurizia Leon eta Basilo, eta Emilio Caoren diskoak, besteak beste. Halako baten, zer edo zer egin eta disko bat ekoizten inplikatu behar nintzela konturatu nintzen. Bestalde, estudioetan ibiliz gero, ikasi egiten da, eta asko, gainera. Ni eta beste batzuk hasi aurretik, oso gutxi animatu ziren, eta guk hartu genuen iniziatiba hori. Niretako, zaletasuna da, eta arlo horretan ere, denetariko estiloak gustatzen zaizkit.

Zure aurreko diskoa zuzenean grabatutakoa zen. Musikari bezala, zuzenekoak garrantzitsuak izango dira? Zein antzoki mota duzu gurago, Bilboko Kafe Antzokia bezalako bat ala eserita egoteko antzoki txiki bat?

Kafe Antzokiaren estiloko bat. Malgutasun handiagoa du, jendea leku batetik bestera ibil daiteke, bere edaria hartu, mugitu? Jakina, eserita egon eta musika entzuteak ere baditu bere abantailak. Euskal Herrian asko aurreratu dugu antzokien kontu horretan: musika emanaldietarako azpiegitura hobeak ditugu orain. Onena da leku desberdinetan jotzea, ez beti leku berberetan edo antzekoetan.

Zuzeneko emanaldietan, abestiak asko aldatzen dira diskoko bertsioekin alderatuz gero?

Kantua beti aldatzen da, bai. Batzuetan, bestetan baino gehiago. Musikak bere momentua du, eta hori abantaila da beste arte batzuen ondoan; adibidez, margo bat bukatuta dago, geldi, ikuslearen zain; musika, ordea, beti aldatzen joaten da, nahiz eta zuk berdin-berdin jo.

Publikoak zeresan handia izango du horretan, ezta?

Bai horixe. Eztabaida hori ez da atzo goizekoa? grekoen garaian ere eztabaidatzen zuten publikoaren paper hori arte mota guztietan. Nik gogoan daukat Beatles taldearen Let It Be filmeko pasarte bat: hor, taldeko kide batek esaten zuen musika egon dadin gutxienez bi lagun izan behar direla, batak musika egin eta besteak zirkuitu hori itxi dezan, eta nik neuk ere horixe uste dut. Nahiz eta publiko edo hartzaile hori zure irudimenean besterik ez egon, nigan behintzat, beti dago borondate edo gogo hori, alegia, musika bateren bati ematea, mezu hori luzatzea. Zentzu horretan, kantua terapeutikoa da, norberaren barrutik irteten den zerbait.

Londresen, New Yorken? egonaldiak eman ondoren egin dituzu disko batzuk. Artistak irten beharra du inspirazioa lortzeko?

Kontua da norbera eta mundua hobeto ulertzea; horretarako, batzuek irten beharra dute; beste batzuek, ez. Nik behar hori sentitu izan dut beti. Nire burua kanpotik ikustea ezinbestekoa zait. Aspaldi ulertu nuen jendeak artistarengandik gura duena da jakitea zer egiten duen besteengandik desberdin. Adibidez, New Yorken bizi nintzenean, ohartu nintzen bertakoendako euskara oso interesgarria zela. Gu akonplejatuta bizi gara hizkuntzarengatik, hainbat muga gainditu ezin ditugula uste dugulako.

Leire Kortabarria

Erantzun

Sartu