Teknologia albisteak

Irailaren 23an buzo zurien martxa Gipuzkoako erraustegira eta makro kartzelara

2018-08-23 : 11:00

Gipuzkoako Aldundia arazo handi bat sortzen ari da alferrikako azpiegitura bat, Zubietako erraustegia, inposatu nahian. 30 kilometroko erradioan bizi garen ehunka milaka lagun arrisku larrian jarriko gaitu, 24 orduz minbizi hodei bat sortzen ariko baita, eta haizeak batera eta bestera mugituko du. Nola onartu halakorik? Gipuzkoa Zutik taldeak, irailaren 23an, igandea, erraustegia eta makro-kartzela egin nahi dituzten lekura martxa antolatu dugu 16:00etan.

 

Munduak erraustegiak atzean utzi behar ditu. Airea kutsatzen, diru publikoa bidegabe xahutzen eta klima berotzen ari dira axolagabe batzuk. Gainera, uda honetan hiru erraustegi proiektu bertan behera utzi dituzte: Buenos Airesen bat, Mexiko Hirian beste bat eta Sidneyn azkena. Nola ulertu, jendea bide horri uko egiten ari denean, Gipuzkoan halako bat egitea? Hobe bai erraustegian xahutu nahi duten dirutzaren laurdenaren laurdena jasangarritasunean eta birziklatze tasak hobetzeko neurri errealetan inbertituko balituzte! Oso ongi demostratuta dago, erraustegia ez dela behar, alternatibak badaudela.

Martxako kartela

Erraustegia gaur egungo politika neoliberalaren sinbolo dela azpimarratu nahi dugu. Erraustegi hau ez du inork nahi, soilik denon dirua den diru publikotik milioika euroko kontratua jaso nahi duten horiek. Gainera, ez da ahaztu behar, Urbaser multinazionala ikertua izaten ari dela herrialde askotan politikariei komisioa ordaintzearren kontratu publikoen truke. EAJ alderdia ere, Araban lehertu zaion De Miguel auziak erakusten du, komisioak kobratzen ibili dela urte askotan Euskal Herrian kontratuen trukean. Zer arraio ari da gertatzen hemen? Egia exijitzen dugu.Urte honetan Angula Ustelak hitzaldietan oso argi utzi dutenez Ainhoa Intxaurrandieta eta Igor Meltxorrek, erraustegiaren proiektua ustelkeria kasu agerikoa da. Lapurtutako ordenagailuak, EAJk FCCri oparitutako kamioiak, herritar guztion kalterako diren kontratuak bankuekin sinatu eta blindatzea, hauek ospatzeko gure diruarekin bankariak angulatara gonbidatzea, erraustegia gelditu zutenei era pertsonalean orain agintean daudenek eragindako zuloa leporatzea... ez da onargarria.

Makro kartzelaren gaiak ere merezi du arreta. Nola onartuko dugu herritarrok erraustegitik 100 metrora izugarrizko kartzela bat eraikitzea? Nola onartu presoak gas kamera horretan sartzea urtetarako? Baina zer arraio da hau?

Iaz egin genuen martxa lehen aldiz. Aurten berriro egingo dugu. Iaz Alemaniako Ende Gelande mugimenduko ordezkariak ere izan genituen. Europa osoan klimaren aurkako eta alferrikakoak diren proiektuen aurkako mugimendu desobedienteak indarra hartzen ari dira.

 

 

Izan Alemanian, Txekian, Herbehereetan... gu ere hor kokatzen gara. Agerian utziko dugu jende askok ez dugula erraustegia eta makro kartzela onartzen, eta ez dugula sekula onartuko. Dei egiten dugu herrietan hitzorduak jartzera zutabeetan elkarrekin etortzeko Zubietara egun horretan.

 

 

Iraultza Txikien Akanpada asteburu osoan

Gogorarazi nahi dugu, bestelako Euskal Herri bat amesten duten herri mugimendu eta herritarrentzat Iraultza Txikien Akanpada deitu duela Lurralde Askea mugimenduak Zubieta herrian asteburu horretarako. Deialdiarekin bat egiten dugu, eta gure martxa igandean izango da, 16:00etan Zubieta herritik hasita. Gorde agendan!

Hona hemen Lurralde Askearen oharra:

Lurralde Askearen kartela

Konspiratu, egin, pentsatu, gozatu, mobilizatu. Iraultza Txikien Akanpada. Aditz horiek gorpuzteko hiru eguneko kanpaldia egingo dugu Gipuzkoako Zubieta herrian, irailaren 21etik 23ra. Ideia eta praktikak, buruak eta gorputzak josteko lekua izango da, giro lasai eta alaiean.

Bestelako Euskal Herria amesten dugun pertsona eta herri mugimenduei zuzendutako deialdia da. Adin guztietako lagunak batuko gara, zerotik 100 urte arteko gorputzak. Lurralde Askea komunitate desobedienteak deitzen du. Zatoz esperientzia aberats hau bizitzera!

Bizitza erdigunean jarriko dugu. Eremu antipatriarkala izango da, antikapitalista, komunitarioa, autoeratua eta autokritikoa, borrokalaria eta alaia.

Lau bloke nagusi izango ditu asteburuak:

1- Herri mugimendu eta eragile eraldatzaileoi eragiten diguten gaiei buruzko eztabaida eta gogoeta. Programa mardula antolatzen ari gara. Arerioaren puntu ahulak bilatzeaz gain, geure buruen kontraesanak bilatuko ditugu. Nolako militantzia ereduak praktikatzen ditugu? Zer konpromiso klase hartzen ditugu? Zer irakatsi digu Kataluniako prozesuak? Eralda al dezakegu Euskal Herria behetik eta ezkerretik gure mugimendu zuri eta sozioekonomikoki integratuetatik? Nola findu borroka moldeak, aliantzak, gatazkak eta biolentziak? Zer nolako elkarrizketa askatzailea eraiki daitezke erakunde eta herri mugimenduen artean?

2- Herri boterea eraikitzen jarraitzeko estrategiak partekatu eta adostuko ditugu. Egungo egoera politikoarekin ados ez gaudenon sareak josi, aliantzak eraiki, borroka puntualak antolatu. Identifika dezakegu nola eman kolpe bateratua Euskal Herri mailan, datorren udaberrian adibidez? Esango al dugu argi eta ozen gaur egungo egoerarekin ez gaudela ados?

3- Bizitza burujabetza landuko dugu: Euskal Herrian eremu bakoitzean dagoeneko martxan dauden esperientzia komunitarioak ezagutuko ditugu alor hauetan: elikadura burujabetza, etxebizitza, zaintza, energia, enplegua, finantzak... Denon artean bizitza burujabeagoa josteko moduak pentsatuko ditugu.

4- Igandean ekimen kolektibo potente bat ere izango da: Erraustegira eta makro kartzelara martxa.

Guzti hau ikuspegi integral batetik planteatuta, koherentziak eraikitzea bilatuz. Zer kontsumitzen dugu? Nola antolatzen gara? Nola harremantzen gara? Hauts ditzagun dikotomia faltsuak: espazio formal-informal, publiko-pribatu, gorputza-pentsamentua. Apur ditzagun kateak.

Ongi Bizitzeko errepublikarantz pauso bat emateko espazioa izango da. Bizi poza nagusi izango duten herritarrek osatutako Euskal Herria. Konspiratzen jarraitzeko h eta gogoz ateratzea bilatuko dugu.

Irail hasieran egitarau zehatza argitaratuko dugu. Bitartean, gorde datak.

 

Erantzun

Sartu