Teknologia albisteak

Twitterrek dirua irabazi du, lehenengoz, azken lauhilabetekoan (eta Facebookek erabiltzaileak galdu, hau ere lehenengoz)

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-02-09 : 10:40

Munduko sare sozialik erabilienen artean dago Twitter, eta aktualitate gaietan eragin zuzena duena. Zaila litzateke gaur egungo panorama informatiboa irudikatzea Twitterrik gabe. Hala ere, orain arte Twitterrek ez du sekula dirurik irabazi. Galerak eta galerak pilatu ditu bere sorreratik. Azken lauhilabetera arte, lehenengoz irabaziak izan baititu 2017ko azken laurdenean: 75 milioi euro irabazi ditu. Albiste pozgarria Twitterrentzat, beste bi pizgarrirekin batera datorrena: Twitterreko erabilerak ere gora egin du, eta Facebookeko erabiltzaileak jaitsi egin dira (hauek ere lehenengoz).

Azkenean heldu da eguna! Horixe pentsatuko zuten Twitterreko arduradunek (eta akziodunek). Lehenengoz bere historian dirua irabazi du 2017ko azken lauhilabetekoan. 75 milioi euro izan dira. Hala ere, 2017ko diru-kontuak negatiboak dira, guztira 88 milioi euro galdu dituztelako azken urtean zehar (2.000 milioiko fakturazioa izan arren).

Beharbada, beste datu batekin are pozago egongo dira Twitterreko buruak. Izan ere, erabiltzaile aktiboak %4 hazi dira azken hilabetean, eta Twitterrera egunero sartzen diren erabiltzaileen kopurua %12 igo da. Twitterrek zenbait aldaketa garrantzitsu egin ditu azken hilabeteotan, besteak beste, 280 karakterera luzatu, hariak sortzeko sistema jarri eta harien presentzia indartu, birtxiokatzeko modua moldatu, ikusten ditugun txioen egitura aldatu,... Badirudi horrek emaitzak izan dituela eta txiolariak aktiboago dabiltzala azken hilabeteotan (2014-2016 bitarteko krisialditxoaren ostean). Ikus datu historikoak:

Guzti horren ondorioz, Twitterreko akzioak %30 igo dira azken egunotan eta 35 dolarren inguruan dabil. Gainera, albiste onak ez dira hor amaitzen Twitterrentzat. Izan ere, 2017ko azken lauhilebetekoan, Facebookek erabiltzaileak galdu baititu, hau ere lehenengoz historian. Inoiz aipatu izan ditugu Sustatun Facebooken datu zorabiagarriak: 2.000 milioi erabiltzaile, hazkuntza etengabea,... sareko erraldoia da Facebook. Bada, lehenengoz historian, erabiltzaileak galdu ditu Facebookek azken hilabeteotan (AEB eta Canadan), Twitterrek irabazi dituen bitartean. Gainera, erabiltzaileek Facebooken egunean zehar igarotzen dituzten orduan asko jaitsi dira azken hilabeteotan (50 milioi ordu gutxiago, orotara, 2017ko udazkenean).

Aspertzen ari ote gara Facebookez? Erabiltzaileak sare sozial espezifikoagoak nahiago ote dituzte gaur egun? (demagun, Instagram, Snapchat, edo Youtube bera). Garbi dago lehia pixkat berpiztu dela azken urteetako Facebooken nagusitasunaren ostean.

Orain, ikusteko dago ea 2018an zehar Twitterrek gorakada horri eutsiko ote dion. Ea hala den! emozio pixkat nahi dugu norgehiagokan! ;)

Oharra: Tira, norgehiagoka "parekatu" dela esatea, beharbada "larregikoa" da. Ikus bestela sare sozialetako 2018ko urtarrileko erabiltzaileen datuak!

 

........................

Irudia: Linkedin.

Erantzun

Sartu