Teknologia albisteak

Txio-hariak sortzeko aukera berria gaitu du Twitterrek

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-12-15 : 09:44

Twitterrek jarraitzen du eguneraketak egiten eta aukera berriak garatzen. Azken urteotan nolabaiteko geldialdia izan du mikroblogintzaren sare sozialak, eta eredu berrien bila dabil, ea horrela txiolari gehiago erakartzen dituen eta erabilerak ere gora egiten duen. Txioen karaktere muga bikoiztu ondoren (140 karakteretik 280 karakterera), antza arrakastaz, aste honetan beste berrikuntza bat iragarri du: txio-hariak sortzeko botoia gaitu du. Erreminta berriarekin, harilkatutako nahi adina txio idatzi daitezke, eta guztiak batera argitaratu (denboran sinkronizatuta eta elkarri lotuta).

Txiolarien artean etengabeko eztabaida sortzen dute hariek. Badira maite dituztenak; badira gorroto dituztenak. Twitterrek pentsatu du, baina, gero eta gehiago erabiltzen direla (esan daiteke azken urteotako "moda" dela, gero eta nabarmenagoa), eta erabiltzaileei aukera berria gaitu die txio-hariak askoz errazago (eta modu sinkronizatuagoan) argitaratzeko.

Aste honetan iragarri du berrikuntza, eta gutxinaka-gutxinaka erabiltzaile guztie agertuko zaie plus + botoi berria txiokatzeko leihoan. Ordenagailuan zein telefonoko aplikazioan agertuko da. Sustaturen kontuan, bederen, atzotik daukagu aktibatuta eta lehenengo proba ere egin dugu. 

Behin txio bat idatzita, aurreko txio horri beste bat lotu edo harilkatu nahi badiogu, txiokatu aurretik plus + botoi hori klikatu dezakegu eta horrela beste txio bat lotu lehenengoari. Nahi beste txio harilkatu daitezke eta, behin guztiak prest ditugunean, guztiak batera argitaratu. Hau da, txio-hari osoa batera argitaratzen da, sinkronizatuta. Horrela, ez da tartean beste txiorik sartzen eta argitalpena "ordenatuagoa" da. Idazteko errazagoa eta, seguru asko, irakurtzeko ere bai.

Karaktere-muga igotzeak arrakasta izan duela ematen du (atzo bertan idatzi genuen Sustatun horretaz). Ea harilkatze sistema honek zer dakarren; teorian ez dakar berrikuntza tekniko handirik, baina praktikan txio-hariak gero eta ugariagoak izatea ekarriko du, ziurrenik. Moments haiekin ez zuten asmatu; ea oraingoak zer dakarren!

Erantzun

Sartu