Teknologia albisteak

Zein "berde" diren gure gailu elektronikoak, Greenpeaceren gida

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-10-20 : 11:32

Gailu teknologiko bat erosteko orduan, hainbat kontu begiratzen ditugu: memoria, bizkortasuna, diseinua, bateriaren iraupena, marka,... Baina inork begiratzen al dio alderdi ekologikoari? Inoiz begiratu al dugu gailu hori fabrikatzeak ingurumenean izan duen eragin handi edo txikiagoa? Greenpeacek txosten zabal bat atera berri du azken 2 urteotan egindako ikerketaren emaitzekin. Zein "berde" da une honetan eskuetan duzun gailu teknologiko hori? Ziurrenik, bat ere ez. ;(

Izan ere, erosi berri duzun gailu dirdiratsu eta diseinu fashion horren atzean, ingurumena izugarri kaltetzen duen ekoizpen-kate luze bat dago, gure planetaren baliabide naturalak agortarazten ari dena, hondakin kaltegarriak sortzen dituena, aldaketa klimatikoa bizkortzen duena,...

Hiru datu:

  • Zure gailuak sortuko duen kutsaduraren %80 ekoizpenean bertan gertatzen da, gailu piztu aurretik, alegia. 
  • Zure gailuak duen mineral gramo bakoitzeko, 350 aldiz kopuru hori atera behar da meategietatik.
  • 2017an sortuko den e-zaborra 65 milioi tona metrikora iritsiko da, Donostia osoa 4 metroko sakonerako zaborrez estaltzeko adina.

Mugikor, tableta eta PCak nahiko teknologia berria dira. Oraindik ere asko hobetu daiteke euren fabrikazio-katea; asko optimizatu daiteke euren ekoizpena, batez ere ikuspegi ekologikotik begiratuta. Eta horixe da Greenpeacek aztertu duena eta bultzatu nahi duena: gailu elektroniko "berdeagoak" ekoizten hastea. Erosleek ere garrantzia ematea horri, eta fabrikatzaileak ere bide horretara bultzatzea.

Gailu finagoak eta megapixel gehiagokoak baino, eska ditzagun gailu "garbiagoak". Eta horretarako aurkeztu dute Guide to Greener Electronics. Azken 2 urteotan egindako azterketaren emaitza da. Munduko 17 fabrikatzaile nagusien gailuak aztertu dituzte (telefonoak, tabletak eta PCak). Eta emaitza ez da batere ona: ekoizle gehienek oso-oso nota txarra atera dute, eta bakarra da etiketa berdea lortu duena, Fairphone, zeinek horixe duen ikur nagusi, gailu "etikoak" produzitzea.

Batez ere 3 faktore aztertu eta azpimarratu dituzte:

  • Energia: negutegi-efektua bizkortzen duten gasen isurketa jaistea, efizientzia handituz eta energia berriztagarriak erabiliz.
  • Baliabide naturalen kontsumoa: diseinu jasangarria eta material birziklagarrien erabilera.
  • Kutsadura kimikoa: produktu kimiko eta pozointsuen erabilera txikitzea, bai gailutik zein ekoizpen-katetik.

 

Erantzun

Sartu