Euskarazko lokalizazioak abuztuan
Ongi etorri ikasturte berrira. Benetan abuztu osoan deskonektatua egon bazara (zalantzan jartzen dugu sustatuzale gehienen kasuan), teknologiaren alorrean gertatu diren lokalizazio edo hizkuntza egokitzapen interesgarri batzuk gertatu direla jakizu: Outlook.com, Twitter, Google Voice Search, Apalabrados jokoa, eta Whatsapp mugikorretako aplikazio ezaguna, euskaratu egin dira oporretako hilabetean.
Outlook
Hilabete hasieran inauguratu zuen Microsoft-ek Hotmail ordezkatuko duen e-posta sistema aurreratuagoa, Outlook.com, Gmail-en ildotik doana (interfazean hobekuntza batzuekin, baina timing-ean atzeratuta) eta euskaraz irten zen hasieratik.
Twitter ere euskaratu zen azkenean, zenbait internautak bultzatutako kanpainak eta askoren artean egindako itzulpen/lokalizazio lanak eman zuen bere emaitza. Hona instrukzioak urrats pare batean zure Twitter kontua euskaratzeko. Tamalez, aplikazio mugikorra ez dute euskaratu.
Google Voice Search
Era berean, Google Voice Search sistemak euskarazko ahotsa ezagutzen du orain. Android telefonoetan bilaketak egiteko balio du, baina segun zein telefonorekin zabiltzan, batzuei funtzionatuko dizue, eta beste batzuei ez.

Apalabrados edo Angry Words
Facebook-en, mugikorretan eta tabletetan jokatzen den Apalabrados joko ezaguna ere euskaratu da. Oraindik beta fasean dago, baina jendea ibili badabil jokatzen. Hobekuntzetara irekia dago tresna, eta hemen iradokizunak biltzen ari dira.
Azkenik, Whatsapp aplikazio ezaguna ere euskaratu dela jakin dugu. Mugikorretan txat egiteko, SMSak dohainik ordezkatzeko, edo lagunartean mezuak partekatzeko balio du, eta smartphone bat duten guztiek erabiltzen dute, seguruenik.

Erantzunak kargatzen...



