Gurebook.com-eko erabiltzaileen artean uda honetan egindako inkestatik jasotako emaitzen artean, hau nabarmendu da: %93,3ak euskarazko e-liburuak erosi ditu.
Gurebook-en jada sumatu genuen joera konfirmatu egin da, beraz. Beste emaitza batzuk ere jaso ditugu: %66,7-ak, fikziozko e-liburuak erosi ditu eta %26,7-ak denetarik erosi du. Erosterakoan izan duten esperientziari buruzko erantzunen artean, %78-arentzat ona izan da eta %93,3-ak erraz aurkitu du nahi zuen e-liburua. Erosteko prozesu osoan zailena iruditu zaiena zera izan da, ordenagailutik irakurgailu edo euskarri elektronikora (tinta elektronikodun gailu, iPhone, iPad...tabletak etab...) eramatea, azkenean ia guztiak ongi egitea lortu dutelarik. Datu erregistroan, ordainketan eta euskarri, formatu edo sistema eragilearekin arazoak izan dituztenak bakanak izan dira. Ohitura berriak poliki-poliki ezartzen ari direla ematen du, eta horrek oso pozten gaitu!
Ez daukat ziur esateko daturik, baina zoritxarrez, eta portzentajeak ikusita hiru kalkulu egin eta 15 erabiltzaile izan direla esango nuke.
Alegia, %93 esaten denean 15etik 14 esan nahi dela.
%66,7 esaten denean, 15etik 10
%26,7 esaten denean, 15etik 4
%78 esaten denean 15 etik 12..? (Borobilduta??)
Errazegi egingo nituen kontuak, baina ...zenbat gehiago ote dira?
Argi geratu ez bada, inkesta erantzun dutenen artean bildutako datuak erabili dira argitaraturiko ondorioak ezartzeko. Zifra errealak ezin ditugu eman baina benetako erabiltzaileak gehiago dira, noski. Inkestak erosketa prozesuari buruzko datu ugari eman ditu, ez bakarrik euskaraz ala gaztelaniaz erosi duten. Gure ustez joera ongi deskribatzen du, hain zuzen, erabiltzaile dezente dagoela arazorik gabe e-liburua aurkitu, erosi, deskargatu etab. egin duena eta e-liburu batzuk garestiak iruditu arren, prezio oneko liburuak ere aurkitu dituena. Askok, gure ustez, ez dute inkesta erantzuteko beharra ikusi.
Euskaraz ala gaztelaniaz erosi duten jakiteko inkestarik ez dugu behar, bai, aldiz, prozesua zaila ala erraza iruditu zaien jakiteko. Beraz, gehiengoak euskaraz erosten dueneko datua oso fidagarria eta erreala da.
Inkesta egin duzue, zenbaten artean?
Erosleak zenbat diren jakiterik badago?
Zenbat euskarazko e-liburu zerbitzatu dira dagoeneko gurebook denda horretatik?
Udaberrian liburu elektroniko irakurgailua eskuratu nuen, baina euskarazko zenbait liburu garestiegi iruditu zaizkit, eta horregatik jakin nahi nuke, euskarazko liburu irakurleen masa zenbaterainokoa den...
Jakinminez nago, eta inkestaren emaitak ehunekotan eman barik, datu errealagoetan ematerik dagoen jakin nahi nuke.
Aldez aurretik, mila esker.