Beti iruditu zait ergel samarra nola, Gabonetako Loteriaz telebistan egiten diren albisteetan, berriemaileek beti aipatzen duten, pozarren, saria oso banatuta dagoela. "Koño -pentsatu ohi dut nik- are hobeto banatuko zen batere loteriarik ez balego". Bego hasierako boutade hau lehiaketa guztiek berez duten kontraesana eta bidegabea aitortzeko, aurtengo Zinemaldiaren palmaresa komentatu baino lehen.
Carlos Vermuten "Magical Girl"ek sari nagusietako bat eramateak asko poztu nau. Film ausarta da, puzzle gisako egitura originalekoa, samurtasuna eta krudelkeria elkartzen dituena, askotan pertsonaia berarengan, ikuslea harrituz eta tarteka durduzatuz. Hortaz, film onenaren edo zuzendari onenaren saria berari ematea ontzat joko nuen, baina biak? Jakina da zuzendari onena baldin bada film onena egitea logikoa dela, eta alderantziz, baina sari bi baldin badaude, besteak beste, meritu berdineko beste film sarigarri batzuk ere nabarmendu ahal izateko da.
Garaikur bi horietako edozein eraman zezakeen "The Drop"ek ere, eta kontsolaziozko sariarekin geratu da: gidoi onenarena (hori ere ederki merezia, zalantzarik gabe). Eta aipatu ditugun hiru sarietako edozeinen irabazle duin izango zen "Loreak", berriz, pedrearik ere gabe utzi dute.
Horrez gain, epaimahaiaren sari berezia "Vie Sauvage"k irabazi du, eta zinema frantsesak izaten duen egikera akasgabearen jabe bada ere, beharbada originaltasun handiagoa zuen Ozonen "Une nouvelle amie"k, edo "Phoenix" alemaniarrak, esku-hutsik geratu diren beste bi film eder aipatzearren.
Gainerako sariez, berriz, zer esan? Aktore onak asko dira, erdipurdiko filmetan ere aktuazio bikainak egon litezke, eta beste horrenbeste esan liteke argazkiaz; sari potoloetatik kanpo geraturiko film aipagarriak nabarmentzeko erabiliko nituzke nik horientzakko sariak. Alde horretatik, aitzakiarik ez Paprika Steen emakumezko aktore onena izendatzeari "Silent Heart" filmagatik; aldiz, gizonezko aktore onenaren eta argazkilaritza onenaren sariak, biak "La isla mínima"k eramatea gehitxo iruditu zait. Zergatik ez Malkovichek ("Casanova Variations") aktorearena, edo "Haemu" korearrak argazkiarena?
Ba, hitz bitan, horixe: bai, baina banatuago nahi.
Erantzun
Sartu