Sustatu logoa Teknologia albisteak

Maitale zaharren komeriak

Xabier Mendiguren
2014-09-22 15:32
Opera eta filma

Emakume-limurtzaile bat Europako gorteetan argien mendean, eta Malkovichek antzeztuta, nahi gabe etortzen zaigu burura "Dangerous Liaisons", Frearsen film mitikoa. Baina Michael Sturminger zuzendariak beste bide batetik jo du, melomanoen pozerako eta istorio konbentzionalen zaleen atsekaberako.

Filma zenbait geruzatan dago egituratua: batean, Casanova zaharrak, bere oroitzapenak idazten ari dela, memoria horietan interesaturiko emakume baten bisita jasotzen du; paraleloki, Casanovaren bizitzan oinarrituta legokeen balizko opera baten errepresentazioa ikusten dugu, Mozarten aria zenbait erabilita, Lisboako antzoki dotore batean; eta azkenik, antzoki horretan, Malkovich aktoreak ikusle batzuekin dituen hartu-emanak ("Being John Malkovich" gogorarazten duen metafikzio joko batean).


John Malkovich Donostian gaur. Argazkia: Iñaki Pardo, Zinemaldia, promoziokoa.

Giacomo Casanova veneziarraren bizitza oparo eta aberatsetik zertzelada batzuk besterik ez ditugu jasoko (zaila zatekeen besterik egitea), baina emaitza delizia hutsa da, nire ustetan. Agian bizkarrezur lana egingo lukeen gatazka bat falta zaio, baina izenburutik bertatik abisatuta gaude, bariazio sorta bat dela eskainiko zaiguna.

Aktore jolasean

Nelly (Nina Hoss) kontzentrazio-zelaitik Berlinera itzuli da, eta aurpegia itxuraldatuta gainera. Israelera joatea aholkatzen diote lagunek, baina senarra topatzea du bere amatsa. Aurkitzen duenean, berriz, senarrak uste du emazte hilaren antzeko norbait dela, eta hark emaztearena egiten asmatuko balu, hari dagokion herentzia potoloa kobratu ahal izango duela.

Vaudeville batekoa dirudien argumentu horrekin film serio askoa egiten du Christian Petzold-ek, holokaustoaren eta nazien istorio ezagunetatik ihesi, maitasun, leialtasun, sakrifizio, traizio eta itxurakerien mataza original batean.



Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu