Instagram: zer hintzen eta non hago
2012an Instagram ekarri genuen Sustatu albistegira, eta merezi du gauzak aipua gure 25 urteen historia honetan. 2010etik zebilen martxan aplikazioa, baina iPhoneetan bakarrik: Android bertsioa ez zuten atera 2012ko apirileraino, eta handik egun batzuetara gurean, artikulu honetan.
Errepasatzen baduzue 2012ko hura, Instagram eta Vignette aplikazioak biak batera aipatzen dituen gure ekarpena, konturatuko zarete argazkigintzaz ari garela: Polaroid itxurako argazkiak sortu edo eraldatzeko gauza batez. Haiek ere ez zuten susmatzen zer izango zen Instagram gero.
Eta zer izan da gero? Zertan bilakatu da? Guk gurea argitaratu eta gutxira, urte hartako irailean, Facebook-ek erosi zuen, eta ibilbide independente batekin jarraitu zuen app-ak.
Bideoak, reel-ak, eta alderdi algoritmoak maximizatuz, beste batzuen fitturrak kopiatuz, lehenbizi Snap aplikazioarenak, gero TikTok-enak, Instagram munstro bat bilakatu da. Euskal Herrian zehatzago, eta euskaldunen azpi-multzoan ere, Instagram "euskaldunon komunikabide nazionala" da 2026an, Sustatuko editorearen iritziz. "Ez Berria, ez EITB, ez fedibertsoa jakina. (...) Erakunde euskaldunek, ofizialetatik undergroundetara, Instagram dute guztiek igortzeko eta komunikatzeko kanal nagusia: ez web, ez prentsa idatzia, ez kristo".
Instagramek bazuen ezaugarriren bat 2012 aspaldiko hartan Internetek daraman norabidearena. Orduan app bat besterik ez zen. Ez zegoen WWW edo web ingurunean. Gerora ireki zuten webgunea, baina mugikorreko esperientzia bat da; eta app mugikor gisa lorategi itxi bat, irekitasunaren antipodetan, algoritmo merkantil-politiko baten arabera antolatua bakoitzak ikusten duena.
X-Twitterren oraindik kontsumo ez-algoritmiko bat egin daiteke: jario kronologiko bat zuk jarraitzen duzunarena. Instagramen ez da esistitzen hori. Eta erabiltzaileek sinets dezakete bakoitzak bere apeten araberako "algortimo egoki domestikatua" daukala, baina ez ahaztu han nork agintzen duen. Mark Zucjkerberg eta trumpismoak. Termino ezin argiagoetan Trumpen bigarren agintaldiaren garaian, 2025eko hasieratik.
Erantzunak kargatzen...