Sare sozial toxiko eta arrotzetatik irteteko premia batzuentzat ageriko samarra da. Iaz ekimen bat egon Goazen Lagunok izenekoa, bereziki Twitter uzteko eta jendea Fedibertsora animatzeko; eta aurten berriro "mugimendua" iragarri dute: "#GoazenLagunok ildoa berrindartu nahi dugu". Agian zerikusia du berriz Twitter zikintzen duten eskandaluekin (porno eta abusuak sortzeko makina hori), baina pertsonalki, Twitterrekin baino gehiago, Instagramekin nago ni kezkatua.
Eta honengatik da kezka hori: Euskaldunon hedabide / komunikabide kanal nazionala Instagram da 2026 honetan. Ez Berria, ez EITB, ez fedibertsoa jakina.
Garai bateko hedabide erdaldun eta hegemonikoen zama gainetik kendu ez, eta zama berriak orain. Gainera, non eta lehen Vocento eta Telecinco eta enparauek zeukaten indarra kontsumokoa bazen nagusiki, orain Instagramen naghsitasuna kontsumokoa ere bada, eta, gainera (!), ekoizpenekoa: erakunde eusaldunak, ofizialetatik undergroundetara, Instagram dute guztiek igortzeko eta komunikatzeko kanal nagusia: ez web, ez prentsa idatzia, ez kristo.
Hau zabaldu nuen Mastodonen eta sortu ziren erantzun parea: guzti guztia JPG irudietan zabaltzen dela (ezta PDF-ak ere!), edo Goienako zuzendariak kontatua, entzuna dutela udal batetik: “Publikatuko dugu GURE instagramen eta horrik hartu”.
Eta horixe da egoera. Metaren instantzia sozialak (Facebook, Instagram) bazterkeria eta abusua libre den zulo bat dira, Twitter bezalatsu, eta toxikotasunaren hedatzaile, beste sare batzuk bezala (Youtube eta Tiktok, urrutiago joan gabe). Baina sarean dauden euskaldun gehienak han daude, eta beren erakunde eta erreferente komunikatzaileak ere bai. Guztiak Instagramen. Handik enteratzen da bat jakin beharreko guztiaz, beste bideak bigarren mailakoak dira.
Orduan, ba, Goazen Lagunok ekimenekoak galdetu dutenean, "2026an zein izan daitezke lanerako eta inzidentziarako eremuak?", nik zera erantzun diet: "Intzidentziarako eremua Instagram da. Eta barkatuko didazue nire eszeptizismo pesimista, baina ezinezkotzat ikusten dut han inziditzea."
Tira, edonola ere ekimen horretakoak aktibazera doaz berriro, eta ongi etorria beren lana. Zera proposatzen dute: "Koordinaziorako talde bat dugu, parte hartu nahi baduzu, konpromiso maila ezberdinetan zure gaitasunen bitartez, bidali mezu zuzen bat hemendik." Esteka horretan, https://mastodon.eus/@fedibertsoa Mastodonen, konektatu dezakezue Goazen Lagunok ekimenarekin. Aurreratzen dutenez, "pertsona jatorrak fedibertsoko auzo anitz eta zoragarri hauetara bizitzera etortzeko gonbidatu, eta bidean laguntzeko, kanpaina bat egingo dugu." Eta laster gauzatxoak datozela diote.
Hala bedi. Baina zaila dute euskaldunon komunikabide nazionalarekin, Instagramekin.
Erantzun
Sartu