EITBk hainbat plataforma eta marka sortu ditu azken urte parean (eta bat itxi: Nahieran). Baina EITBHub ez da horietako bat. Xabi Ezpeleta informatikariak egindako biltegi bat da, programazio ahalegin bat, "EITBko online edukietarako sarbide bateratu" gisa definitu genezakeena. Hementxe dago.
EITBk sortu zuen azkena duela aste gutxi batzuk, ETBon. Horko edukiak gehitu dira EITBHubera, eta beste bi plataformatakoak ere bai: Primeran streaming zerbitzu orokorra, eta Makusi haurrentzako. Falta den plataforma nagusia Guau izango litzateke, irratiarena eta audioarena.
Xabi Ezpeletak berak azaldu digu proiektuaren muina:
EITBHub esperimentu bat da. EITBko plataforma ezberdinetako edukia modu bateratuan eskuragarri uzteko balio du.
Momentuz, ETBon, Makusi eta Primeran plataformetako edukia indexatu ditut bertan. Guau webguneko (audiozko) edukiak ere sartzea da asmoa.
Hegoaldetik kanpo EITB plataformetako eduki asko ez dago eskuragarri. Ikusten saiatzean errorea ematen du. Beraz, hau izan da motibazio nagusietako bat: aldez aurretik jakitea zein eduki dagoen geo-murriztua eta zein ez. (Honi buruz uste dut Urtzi Urkizuk Berrian bihar bertan zerbait argitaratuko duela).
Bestalde, EITBHub-ek bilaketa aurreratuak egiteko aukera ematen du eta EITBko plataformetan ezkutuan dagoen bestelako informazioa ere ikustarazten da (adibidez, noiz arte egongo da eskuragarri filma bat?). Azkenik, estatistika batzuk kalkulatzen ditu.
Edukia eguneratua mantentzeko noizean behin egunera prozesu bat exekutatu behar da.
Erantzun
Sartu