Teknologia albisteak

Eman bakea literaturari, irakurle kluben aldarrikapena

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2023-12-01 : 12:04

Duela bi aste piztu nahi izan zuen eskandalua Covite ETAren biktimen elkarteak, Mikel Albisu 'Antza' Aurizberriko irakurle-taldearen koordinatzaile zela, eta hori ezin onartuzkoa zela. Nafarroako Gobernuak ameto egin eta lan hori babesten zuten udalei eskatu zuen lanetik kentzeko Albisu. Mikel Albisu idazlea da, eta ETAko militante izan zen: kartzelaldia bete ondoren libre da, ez du zorrik justizia sistemekin Frantzian edo Espainian, eta libre behar luke halaber lan egiteko. Salaketen aurrean Aurizberriko irakurle klubak agiri bat kaleratu zuen duela egun batzuk, eta atzo, euskarazko beste hainbat irakurle-kluben izenean, talde hauen koordinatzaile batzuek beste agiri bat kaleratu dute: Bai, Eman bakea literaturari.

Hona atzo aurkeztu zen agiri hori:

Joan den ostiralean, azaroak 24, eman zen argitara Aurizberriko irakurle taldeko partaideen adierazpenaEman bakea literaturari izenburuarekin. Adierazpen horretan atxikimendua eskatzen ziguten euskarazko irakurle taldeetako dinamizatzaileei eta irakurleei. Eskaera horrek izandako oihartzunaren argitan, behean sinatzen dugun irakurle taldeetako dinamizatzaileok egoki iritzi diogu Aurizberriko irakurle taldekoen aldarrikapena indartzera datorren adierazpen berri hau plazaratzeari.

Izan ere, adierazpen horri irakurle taldeetako 37 dinamizatzaile eta 276 irakurle atxiki gatzaizkio, eta batzuon eta besteen artean Euskal Herri osoko 65 irakurle taldetako partaideak ageri gara zerrenda horretan. Epizentroa Aurizberrin izan zuen lur mugimendu honek, Tafallatik Baigorrira, Lekeitiotik Pasaiara, eremu asko zeharkatu ditu. Azpimarratu nahi dugu Nafarroakoak direla ia herena, 20 irakurle talde (19 Nafarroa Garaikoak, 1 Nafarroa Beherekoa). Uste dugu Nafarroako Gobernuak bereziki aintzat hartu behar lukeela datu hori.

Mikel Albisu Iriarte, kultura eta literatura arloan Mikel Antza goitizenez ezaguna da joan den mendeko 80ko hamarkada hasieratik. Izen horrekin sinatu ditu hainbat literatur lan, antzerki eta bestelako kultur agerpen. COVITE elkarteak irakurle taldeen dinamizazioaren bidez egiten duen kultur ekarpena debekatzea eskatzerakoan bere lan egiteko eskubidea ukatu nahi izan dio. Eta Nafarroako Gobernuak, elkarte horren nahia besterik gabe onartzerakoan, epaitegi bati legokiokeen papera hartu du, herritar libre bat zigortu dezaten eskatuz.

Hartara, eskatzen diogu Nafarroako Gobernuari berrikus dezala hartutako erabakia, eta atzera egin dezala, edozein herritarri bezala askatasunez aritzen utziz Mikel Antzari, literatur jardunean eta irakurle taldeen dinamizazioan oztoporik jarri gabe. Zeren eta, zeregin honetan aritzen garen guztion kasuan bezala, irakurle taldeetako partaideak baitira gure lanaren neurria zein den erabakitzeko zilegitasuna duten bakarrak.

Atxikimenduetarako, ikus https://emanbakea.eus/ 

Artikuluko irudia, Aurizberriko irakurle-taldearen azaro honetako jardueraren iragarkia: Miñan liburua aztertu dute, Ibrahima Balde eta Amets Arzallusena, Frantzisko Aita Santuak berak goraipatu zuen kontakizuna.

Erantzun

Sartu