Teknologia albisteak

Twitterrek gainbehera geratu duela ematen du, eta 4 milioi erabiltzaile irabazi ditu azken hilabeteotan

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-21 : 10:49

2019ko bigarren hiruhilabeteko datuak aurkeztu ditu Twitterrek. Denbora-tarte horretan 5 milioi erabiltzaile aktibo irabazi ditu eta une honetan 139 milioi erabiltzaile ditu egunero sare sozialak. Duela bizpahiru urte izandako txakalaldia gainditzen ari dela ematen du, hortaz.

Oihartzun mediatiko handiko sare soziala da Twitter, baina erabiltzaile arruntei dagokienez garai ilun samarrak izan ditu azken bizpahiru urteotan. Erabiltzaile berriak lortu ezinda, eta zaharrei ere nekez eutsiz. Troll eta robotek sortutako arazoak daude tarteko, baita bullyinga eta erasoak ere. Eta Twitterren informazio larregi edo nahasiegia dagoela Internauta arruntentzat. Horren guztiorren ondorioz, hainbat erabaki hartu ditu Twitterrek azkenaldian, dela berrikuntzak, dela ezarpenetan eta diseinuan aldaketak..., eta badirudi hasi dela emaitzak onak jasotzen. 

Azken batean, erabiltzaileen esperientzia hobetu eta, gehienbat, timeline garbi eta erakargarriagoa ematen saiatu da sare soziala. Eduki aldetik urrats sendoak eman ditu azken urtean. 140 karaktereen muga bikoiztu zuen lehenengo, mezu-hariak sortzeko moduak erraztu ditu, milioika troll, bot eta spammer ezabatu ditu saretik, iradokizunak hobetzeko algoritmoak inplementatu ditu, timelinea konfiguratzeko aukera berriak aztertu ditu,... Funtzionalitate eta ezarpen berriak ere aurkeztu ditu eta diseinua ere aldatu du.

Azken datuen arabera, 139 milioi erabiltzaile ditu egunero Twitterrek, aurreko hiruhilabetekoan baino 5 milioi gehiago, eta burtsan ere emaitza onak izaten ari da. Egia da Facebookek (1.590 milioi erabiltzaile egunero) edo Instagramek dituztenak baino askoz erabiltzaile gutxiago direla Twitterrenak, lehia horretan jai du, baina Twitter pozik egoteko moduan dago, azkenaldian egindako aldaketek lortu dutelako erabiltzaile berriak erakartzea, garai bateko beherakada geldituz eta, batez ere, hedabideetan eta famatuen artean (politikari, artista, kulturgile...) daukan oihartzuna izugarria delako.

Berrikuntza gehiago ere iragarri ditu Twitterrek. Batez ere, Tokioko Olinpiar Jokoetako ekitaldi batzuk zuzenean ikusi ahalko direla Twitterren bertan (seguru asko, bakarrik Estatu Batuetan). Twitterrek azken garaian hartutako ibilbidearen beste urrats bat da Olinpiar Jokoen emanaldiena. Izan ere, zuzeneko emanaldiekin lotuta dago Twiterreko erabilera handiena, eta sare sozialak zuzeneko emanaldi horiek erabiltzaileen Timelinera ekarri nahi ditu, bere arrakasta eta zabaltze-neurrien eragile gisa.

Erantzun

Sartu