Teknologia albisteak

Telefonoen salmentak beherantz egin du azken hilabeteotan, 2004az geroztik lehenengoz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2018-03-01 : 10:01

Bartzelonan izandako Mobile World Congressen inguruan zabaldu ditu datuak Gartner Consultingek. Beherakada txikia bada ere, esanguratsua da 2017ko azken hiruhilabeteko datua: 2004az geroztik lehenengoz, mundu osoan zehar saldutako mugikorren kopurua jaitsi egin da. Arrazoiak? Batetik merkatua saturatuta dagoela; bestetik, mugikor berriek jada ez dutela berrikuntza handirik eskaintzen.

Gartnerrek zabaldu dituen datuen arabera, 2017ko azkenengo hiruhilabetekoan 408 milioi smartphone saldu ziren mundu osoan zehar, 2016ko garai berean baino %5,6 gutxiago. Mugikorren eztanda gertatu zenetik lehenengoz egin du behera merkatu honek (Gartnerrek 2004tik aurrerako datuak biltzen ditu). Salmenta guztien %85 Android dira eta %15 iPhone. Samsung da mundu mailan markarik salduena (gainera igo egin da azken neurketan), baina bi marka txinatar (Huawei eta Xiaomi) dira 2017an gehien hazi direnak. Gainontzeko marketan ez dago gora-behera handirik, edo jaitsi egin dira.

Jaitsiera hori azaltzeko bi arrazoi egon daitezke. Batetik, eta hau da arrazoi nagusiena, dagoeneko "mundu guztiak" daukala smartphone bat, baita Asian edo Afrikan ere. Gainera, azkenaldian erosleek gama altuagoko mugikorrak erosten dituztenez, normalean gehiago irauntzen dute eta ez dago urtero berria erosi beharrik.

Bigarren arrazoia da, smartphoneen munduan berrikuntzak askoz txikiagoak direla azkenaldian. Dagoeneko edozein mugikorrek dauka kamera ona, konexio ona, memoria nahikoa,... eta ondorioz erabiltzaileek ez dute arrazoi zentzuzkorik zaharra bota eta berria erosi behar izateko. 

Erantzun

Sartu