Teknologia albisteak

Xiaomi marka txinatarra, azkenaldian gehien hazten ari den smartphonea

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-08-15 : 10:11

Smartphoneen merkatua izugarri aldatu da oso denbora gutxian. Merkatu berrien ezaugarrietako bat izan ohi da aldaketa etengabea. Aldaketa horien artean, bada azken urtean izugarri indartu den marka bat, gutxi barru Samsung eta Iphone ahalguztidunei aurre egitekotan egon daitekeena: Xiaomei txinatarra. Kalitatea prezio egokian eskaintzea da euren asmoa. 2017 bigarren lauhilekoan mundu mailan gehien hazi den marka izan da.

Xiaomeik berriki eman ditu jakitera 2017ko 2. lauhilebetekoan saldutako gailuen kopurua: 23 milioi telefono izan dira, aurreko lauhilebetekoan baino %70 gehiago. Azken urteotan izaten ari den gorakadaren beste urrats bat besterik ez da. 2013tik 2014ra %200 igo zen; 2015etik 2016ra beste %121. Aurtengoa ere urte on-ona izango omen da, azken hilabeeetako salmentei erreparatzen badiegu.

Igoera honen arrazoiak hainbat izan daitezke. Alde batetik, Txinako merkatu erraldoia bereganatzeko egin duen esfortzua aipatu behar da. Besteak beste, 123.000 denda ditu Txinan eta online dendetan ere gero eta zabalduago dago herrialde asiarrean. Beste alde batetik, inbertsio handia egin du ikerketan eta garapen teknologikoan. Gero eta gailu hobeak ditu, bateriak eta kamerak ere asko hobetu dituzte, euren txipak ekoizten hasi dira,... Gero eta produktu hobeak, orain arte merkatu dominatu duten gailu ezagunenekin konpetitzeko modukoak. Produktu txinatarrak merkeak izan ohi dira, baina kalitatez eskastxoak. Xiaomeik, ordea, kalitaterantz egin du bidea.

Ondorioz, Txinakoaz gain, beste merkatu batzuk bereganatzen hasi da. Hasteko, India aipatu behar da, beste merkatu erraldoi bat, hazteko gaitasun handikoa, gainera, non azken urtean %328 hazi den. Indonesia edo Errusia moduko beste merkatu handi batzuetan ere gero eta zabalduago dago.

Hurrengo urratsa Europan duen presentzia sendotzea da. Hortxe du erronka datozen hilabeteetan. Eta gurean ere hazten ari da. 2018an 100 milioi gailu saltzea aurreikusten dute. Konparaziorako, Applek 212 milioi iPhone saldu ditu azken urtean. 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago