Teknologia albisteak

iPhoneak 10 urte bete ditu

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-06-30 : 09:16

Atzo 10 urte aurkeztu zuten lehenengo iPhonea. Gaur egun gure patriketan ditugun smartphoneak baino askoz primitiboagoak ziren, baina garai hartan sekulako iraultza ekarri zuten oraindik ere lehen urratsak ematen ari zen smartphoneen mundura. 6 milioi unitate saldu ziren mundu osoan. "Internet in your pocket, for the first time ever!" esan zuen orduan Steve Jobsek. Halaxe zen.

2007. urtean ez genuen mugikor bidez nabigatzen. Ez zegoen 3G sarerik (2G sare ahulen bidez konektatzen ginen Internetera), smartphone potenteenak ere oso ahulak ziren, ukipen-pantailak ezohiko, eta webguneak mugikor bidez bistaratzea odisea amaigabea. Bada, garai hartan, Applek hain ondo menperatzen duen parafernalia guztia erabiliz, "gailu iraultzaile bat" (horrela definitu zuten) aurkeztu zuen Steve Jobs zenak: lehenengo iPhonea. Applek merkaturatzen zuen lehenengo mugikorra zen, gainera. 

2007ko urtarrilean aurkeztu zuen Jobsek berak eta 2007ko ekainaren 29an jarri zuten salgai Estatu Batuetan. Interesgarria da historia pixkat egitea, eta 2007an esan zirenak errepasatzea (ikus ondorengo bideoan), eta 10 urtean Jobsen iragarpenak noraino bete diren eta noraino ez. Guretzat ohiko diren gauza arruntenak ere, 2007an iraultza ziren.

Lehenengo iPhone hura oso xumea zen gaur egungo ikuspegitik. Ezin zen konektatu 3G sareetara (egon ere gutxi zeuden), Apple ordenagailu bat behar zen konfiguratzeko, kameraren kalitatea oso eskasa zen, memoria nahiko txikia, ezin zen testua moztu eta itsatsi, ezin irudirik bidali, ezin bideorik grabatu, diseinu aldetik ere modelo bakarra zegoen (beltza),... eta AppStore-rik ere ez zen existitzen artean.

Gaur egungo ikuspegitik, beraz, oso gailu xinple eta xumeak ziren 2007ko iPhone haiek. Baina smartphoneen mundua errotik irauli zuten; eta gizartea, bide nabar. 10 urte geroago, "bizi guztiko" markak ia-ia desagertu egin dira merkatutik (Blackberry, Motorola, Nokia,...) iPhone-Android duopolioaren eraginez, munduan 5.000 milioi smartphone-erabiltzaile daude, Windowsek (eta ordenagailuek, oro har) beren nagusitasuna galdu dute Androiden (eta smartphoneen) eraginez, eta gu, erabat konturatu gabe ere, dagoeneko etorkizunean bizi gara.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago