Teknologia albisteak

Hiru emakume eta pasio bat

Erabiltzailearen aurpegia
Gaztezulo
2012-05-11 : 17:05

Argazkilariak gutxitan ikusten ditugu objektibo aurrean, gibelean dute toki naturala. Guk aurpegia jarri nahi diegu, emakume aurpegia. Hirurak dira bilbotarrak, betaurrekodunak, canonistak... belaunaldi ezberdinetakoak, ordea, eta lengoaia fotografikoaz egiten duten erabilera ere ez da bera. Alondegia adostu dugu elkargune, eta kafetegian aurkitu ditugu Saioa Cabañas, Naia Del Castillo eta Begoña Zubero, krisia gora eta behera blagan. Guztiok geure burua berrasmatu behar dugula dirudien garai honetan, argazkilaritzak, arte praktikoa izanik, beste diziplina batzuek baino erraztasun handiagoa eskaintzen omen du horretarako.

Galdera txar bat lehenik. Non erosoago, kamera aurrean ala atzean?
Begoña Zubero: Ba, kamera aurrekoa ez zait batere gustatzen, ez nago eroso. Ziur aski horregatik, ez daukat apenas autoerretraturik.
Saioa Cabañas: Niri ere kosta egiten zait. Baina tira, taldean bada eta ezagun batekin, errazagoa da.
Naia Del Castillo: Bai, halakoak egitea ere tokatzen da, gaurkoa nahiko librea izan da gainera.

Aizue, esker onekoa al da argazkilaritza? Bi mailatan doakizue galdera: pertsonalean eta publikoan.
S: Ni betidanik izan naiz musika zalea, baina ez nuen topatzen nire gustuko taldeen argazki onik. Nireak Sarera igotzen hasi nintzenetik, esker oneko hitzak besterik ez ditut jaso musikariengandik. Eta, bestela, emaitza hobeak lortzen joan naizen heinean, ba noski, nire buruarekin ere kontentuago.
B: Argazkilaritzaren elgorri antzeko zerbait bizi izan dugu zenbait urtetan; bazter guztietan zegoen eta batzuek zioten margolaritza desagerraraziko zuela. Zorionez, egoera bere onera etorri da eta, mundu mailan, beste arte diziplinak bezala, argazkilaritza ere sartu da museo handietan, kolekzio handietan eta prezio handietan. Plano pertsonalean, jakina, ikusten duzunean zerbaitek funtzionatzen duela, momentu hori oso ona da. Hala ere, artearen ideia erromantikoak min handia egin digu. Hau oso ofizio sakrifikatua da; ezaugarri bereziak ditugu, baina guk ere lan egiten dugu, jan behar dugu... horregatik da frustrantea.

Egile eskubideen inguruko irizpideak berrikusteak aldatuko lituzke gauzak?
S: Gutxienez, egiletza aitortzea dagokigu. Abesti baten kasuan, ahotsa entzutea nahikoa izan daiteke zeinena den jakiteko, baina argazki batek sinadura behar du, eta niri ukatu egin didate behin baino gehiagotan.
B: Errekonozimendu nominalaz gain, remunerazioa ere badagokigu, atzean lana dagoelako eta kultura ere badelako industria, eta honetatik bizi garenok kobratu behar dugulako. Baina oso gai eta momentu zingiratsua da. Ezin duzu munduaren eta joeren kontra jarri, dagoena ukatu eta Sarean ezer ez zintzilikatu. Dena den, oso erlatiboa da dena. Ez da gauza bera El Corte Inglesek nire irudi bat hartu eta horrekin toallak egitea edo baten batek irudi hori bere Facebookeko horman erabiltzea...
N: Begok nire aurretik hitz egiten badu, ezingo dut ezer gehitu! –barrez–.

Gure inguruan ia edozeinek du aukera argazkiak egin eta Interneten eskegitzeko. Baina, nor da argazkilari?
N: Interesez ari den hori, irudien bitartez transmititzeko gai dena. Ez dut, inondik inora, akademizismoekin lotzen.
B: Gure lanak ez ditu hatzak egiten, buruak baizik; horrek markatzen du aldea. Irudi eder bat edozeinek lor dezake, baina proiektu osoagoek eskatzen duten dedikazio maila eta exijentzia teknikoa ere ez dago amateur ororen esku.
S: Ni ez naiz honetatik bizi, baina profesional gisara egiten dut lan. Lortu nahi dudanaren ideia definitu batekin joaten naiz kontzertuetara. Azken batean, badugu metodo bat, teknika bat, helburu zehatzak, berezko ikuskera bat... gure argazkiek badute gure marka.

Elkarrizketa osoa gaztezulo.com-en

Erantzun

Sartu