Sustatu logoa Teknologia albisteak

Eitb.com berrituan, 25 urteko bideoteka eta norabide berriak

Sustatu
2010-12-15 11:12

Diseinu eta azpiegitura probetan daudela esan zuen Gurrutxagak. Baina gunearen eraldaketa bisuala baino gehiago izango da etorriko dena. 25 urteko EITBren irudi artxiboa jarri nahi dute sarean, eta ez bakarrik ikuskatzeko, baizik eta deskargarako, eta ahal dela (hori proposatuko diote behintzat webguneko arduradunek EITBko zuzendaritzari), berrerabilpena baimenduko duen lizentzia ireki batekin (zehatz ze lizentzia ez zuen aipatu, baina irekitasunaren alde mintzatu zen Gurrutxaga).

Era berean, astebeteko parrillako programak sarean ikusgai egongo dira, eta streaming aldetik aukera gehiago egongo da, telebista zein irratirako, eta baita ebento berezietarako. Azkenengoz Durangoko Azokan egindako esperientzia balekotzat jo zuen Gurrutxagak.

TV3 katalanak eta TVE espainolak abantaila handia hartu diela onartu du Gurrutxagak, baina eurak ere aurrera doazela. Berrikuntzak ezin dira, gainera, teknikoak bakarrik izan, antolakuntza ereduan ere aldaketak etorri behar dira: Taldeko baliabideak erabili, ahal den neurrian, baina profil profesional berriak bilatu. Lan fluxuak antolatu behar dira, sinergiak aprobetxatzeko, kontuan hartuta Internet ez dagoela zertan irratiaren edo telebistaren zerbitzuan.

Plataforma berriak

Alderdi teknikotik, plataforma berrietarako prestatzen ari direla esan zuen. Zehazki:

  • Apple etxearen Iphone eta iPad-erako aplikazioak.
  • Philips eta Samsung etxeetako telebistetarako widget-ak (sarera konektaturiko telebistetan ezartzen diren pantailarako interfaze berezi batzuk, nolabait esateko).
  • Hulu eta beste plataforma batzuetarako ere prestatzen, Europara etorri datozela komentatzen baita.

Era beream, abandoardiazko proiektuetan interesatuta daudela: Internet eta TB/irratia interakzioa, Twitterrekin egindako probak, eta baita ere maila lokalean dauden proiektuetan begia jarrita dutela, Bilboko enpresa batek QR kodeekin egindako lanari begiratu diotela, edo Umap-en esperientzia ere komentatu zuen.

Gaurko Eitb.com-en trafikoa

Gaur egungo eitb.com-ez ere hitz egin zuen Gurrutxagak, gainetik. Nola dituen azpi-webgune edo ataletan, Gaztea (euskarazko irrati musikalaren gunea) den 3. ikusiena, euskara hutsez izanagatik.

EITB.com-erako trafikoaren jatorriari dagokionez, Google da nagusi nabarmen. Goraka doa apur Facebook (%8 orain), apur bat ageri da Tuenti, eta Twitter egongo ez balitz bezala.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu