Teknologia albisteak

"Euskarazko kultur transmisiorako giltzak hezkuntza arautuan" da topaketa maiatzaren 17an

Erabiltzailearen aurpegia
2024-05-01 : 10:49

Loraldia Eskolak topaketa bat antolatu du hezkuntza ingurunean euskal kulturaren transmisioaz eztabaidatzeko. "Euskarazko kultur transmisiorako giltzak hezkuntza arautuan" da topaketaren izenburua, maiatzaren 17ko goizean burutuko dena Euskararen Etxean. Hezkuntza arlora zuzenduta, esperientzia ezberdinak partekatzea du helburu, Loraldia Eskolaren proiektua ezagutaraztearekin batera. Modu presentzialeaz gain, streaming-ez emitituko da baita ere.

 

Ekitaldi honek helburu ditu orain arteko esperientziak elkar trukatzea, eragileen arteko harremanak sendotzea eta Loraldia Eskola proiektuaren eskaintza zabaltzea. Horrela, hezkuntzan euskal kulturaren arlo ezberdinetan transmisioan lan egiten duten eragile ezberdinek hartuko dute parte. Besteak beste, Euskal Idazleen Elkarteak, Bertsozale Elkarteak, Euskararen Etxeak eta Loraldiak. 

Loraldia Eskolak antolatzen duen bigarren topaketa da. Presentzialtasunaz gain, streaming-ez jarraitzeko aukera eskainiko die Loraldiak izena emango dutenei. 

Programa

9.30-10:00: Harrera kafea

10:00-10:10: Ongi etorria eta aurkezpena

10:10-10:50: Hezkuntza ingurunean euskal kulturaren transmisioa jorratzen duten proiektuen aurkezpenak:

  • Euskararen Etxea. Iurdana Acasuso, Euskararen Etxeko zuzendaria

  • Idazleak ikastetxeetan. Euskal Idazleen Elkartea. Garazi Albizua, idazlea eta EIEko teknikaria

  • Bertso eskola. Bertsozale Elkartea. Oihane Perea Perez de Mendiola, Arabako Bertsozale Elkartean hezkuntzako proiektuaren arduraduna

  • Loraldia Eskola. Loraldia. Erika Uranga, Loraldia Eskolako arduradun pedagogikoa

11:00-11:50: Mahai ingurua

11:50-11:55: Ondorioak

11:55-12:00: Agurra

 

Izen ematea

Topaketan parte hartzeko izen emate epea zabaldu da. Interesatuek inprimaki hau bete behar dute.

Loraldia Eskola

Loraldia Eskolak 8 ikasturteko esperientzia du. Urte hauetan 28 ikastetxe ezberdinetan bideratu izan dira 41 proiektu. Ia 2200 ikaslek hartu dute parte, haur hezkuntzatik batxilergora. 

Egungo Loraldia Eskolaren eskaintzak 7 proiektu ezberdin proposatzen ditu.

Zazpi proiektu ezberdin eta sormena helburu

Egun, hezkuntza arautuko sisteman Haur Hezkuntzatik eta Batxilergoko hezkuntza kurrikulumera egokitzen diren zazpi proiektu ezberdin eskaintzen ditu Loraldia Eskolak, maila eta helburu ezberdinetara zuzenduak. 

Ikastetxeak dira haien beharren arabera proiektuak aukeratzen dituztenak. Euskara eta kultura uztartzen dituen ekimena da, hezkuntza integralean sakontzen duena eta metodologia zehatz eta berritzailea proposatzen duena

Horrela, Loraldia Eskolak ikastetxe bakoitzean aukeratutako egitasmoa garatzeko laguntza eskaintzen du: hezitzaile batek kudeatuko du eta gidatuko du; unitate didaktiko bat jarriko du irakasleen esku; eta egitasmo bakoitza zentroak edo taldeak dituen behar zehatzetara mugatu eta moldatuko da.

Sormena da egitasmoak burutzeko erabiliko den tresna, modu anitzetan eta beti sortze prozesuaren protagonistak ikasleak izatearen helburuarekin, esperientzia bat bizi araziz. Garrantzitsuena prozesua eta esperientzia izango dira; ez horrenbeste amaierako emaitza.

 

Erantzun

Sartu