Teknologia albisteak
2

Pediatrak eta euskara

Erabiltzailearen aurpegia
OEE, UEMA eta Kontseilua
2010-11-21 : 12:11

Urriaren 21ean El Correo egunkariak argitaratu zituen Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko lehendakariarenak omen diren zenbait adierazpen. Adierazpen horietan baieztatzen zen pediatrei Administrazioko euskara-mailarik baxuena ezarri behar zitzaiela (1HE), antza denez, oraingo hizkuntza-eskakizunak (2HE) pediatra askori kalte egiten diela eta. Adierazpenok sasi informazio jakin bat indartzen dute, zenbait hedabidek inolako daturik gabe maltzurki kontrajarri ohi baitituzte euskararen eskakizuna eta asistentzia sanitarioaren kalitatea.

Horiek horrela, hau adierazi nahi dugu:

  • Osakidetzako oposizioetan euskararen ezagutza eskatu edo merezimendu bezala balioetsi ondoren, ez da inolako oztoporik egon mediku eta erizainen lanpostuak betetzeko, lanpostu guztiak bete dira eta. Alderantziz, ondorio onak ekarri ditu, Osakidetzak aukera izan baitu asistentziaren kalitatea hobetzeko, zeren eta langile elebidunek herritarrekiko komunikazioaren kalitatea hobetzen baitute. Osakidetzak berak barruko txosten batzuetan onartzen du hori, adibidez, 2009en egin zuen Euskara Planaren gaineko ebaluazioan.
  • Ez dago euskaragatik lanik ez duen pediatrarik, baina, legeengatik ere, milaka umek ez dute bere hizkuntzan atentzioa jasotzen. Era berean, ez dira gutxi euskara teorian derrigorrezkoa izanda hizkuntza-eskakizunik gabe lanean diharduten pediatrak. Bestalde, lanpostuan euskara derrigorrezkoa izanik ere, ia 60 pediatra salbuetsita daude euskararen ezagutzatik, 45 urtetik gorakoak direnez gero.
  • Sarritan, familia-medikuek betetzen dute pediatren tokia, pediatrak eurak urriak dira eta. Baina Pediatren elkarteko lehendakariak ondo dakienez, urritasun horrek ez dauka euskararekin zerikusirik. Errudun bila, Sanitateko Ministeriora eta haren Espezialitateko Batzorde Nazionalera jo beharko luke. Izan ere, pediatren urritasuna erkidego autonomo guztiek pairatzen dute.
  • Osakidetzako hizkuntza-eskakizunen azterketak 2004an hasi ziren. Harrezkero ia 7.000 langilek egiaztatu dute hizkuntza-eskakizuna, eta 3.500 langile baino gehiagok egiaztatu dute Osakidetzatik kanpo. Osakidetzan, ia 140 pediatrak egiaztatu dute hizkuntza-eskakizuna. 2006ko oposizioetan pediatren lanpostu asko eskaini ziren euskararen ezagutza nahitaezkoa izanik, eta lanpostu guztiak bete ziren. Jakina, langile askorentzat onuragarria izan zena, kaltegarria izan zen beste batzuen interesentzat, baina ez da zilegi batzuen arazoa talde oso batena balitz bezala aurkeztea.
  • Administrazioaren euskara-mailarik baxuenak (1HE), definizioz, ez du umeak eta gurasoak atenditzeko gaitasunik frogatzen, are gutxiago gurasoei eman behar zaizkien tratamenduak (dietak, zorriak kentzeko, beherakoak mozteko…) irakurtzeko eta azaltzeko ere. Bestalde, euskara maila baxu hori ez dator bat pediatren maila profesionalarekin: maila baxuagoa duten kategori gehienek 2HE edo altuagoa daukate ezarrita.

Euskara, noski, duintasunez tratatu behar dute administrazio publikoek eta elkarte profesionalek. Onartuko lukete erdaldunek, ezinbestean ez bada (mediku faltagatik demagun), gaztelaniaz oinarrizko gaitasuna baizik ez duten pediatrek euren umeak atenditzea? Onartuko lukete maila eskas hori daukatenak, edo gaztelania ez dakitenak, gaztelania normaltasunez erabiltzen dutenen baldintza berdinetan sisteman sartzea? Jakina, ez. Izan ere, gaztelaniaren ezagutza derrigorrezkoa da Osakidetzako lanpostu guztietarako, are gehiago, espainiar Estatuak 500 arau baino gehiago eman ditu gaztelania babesteko. Euskaldunok eskubide gutxiago ote dugu kalitatezko zerbitzuak jasotzeko?

Horiek horrela, Euskal Herriko Lehen Mailako Pediatria Elkarteko lehendakariari eskatu nahi diogu gogoeta egin eta aurrerantzean ume eta guraso euskaldunen eskubideei erreparatu eta garrantzia handiago ematea.

OEE, UEMA eta Kontseilua

Erantzunak

Karlott
2010-11-21 : 13:00

Konponbidea jarri nahi izanez gero, gauzak erraz daude: egin azterketak euskaraz eta, nahi baduzue, gero elkarrizketa espainolez, ingelesez, lapurtera klasikoan edo txinpantzeen hizkeran.

idoitxu
2010-11-21 : 15:48

Horrelako adierazpenak zoritrrez askotanentzuten dira. Dirudienez herri honetan euskaldun eta vascoen artean gero eta alde ghiago dago. Hori bai, oporretan doazenean oso vascio sentitzen dira. Baina barrukaldean erdaldun hutsak dira.

Erantzun

Sartu