Teknologia albisteak

Loraldia Udako Olaren hirugarren edizioa, euskal kulturaren transmisioaren inguruko gazteentzako sormen egonaldia

Erabiltzailearen aurpegia
2024-04-23 : 09:19

Udako Ola Loraldiak gazteei zuzendutako sormen egonaldia da, non euskal kulturaren transmisioaren inguruan lan egiten den. Udako Olaren hirugarren edizioa Lekeition ospatuko da ekainaren 24tik 29ra bitartean eta 18 eta 29 urte bitarteko pertsonei zuzenduta dago. Parte-hartzaileek hainbat diziplinatan esperimentatzeko aukera izango dute, arloko profesionalen eta erreferenteen eskutik. Edizio honetan, besteak beste, Ane Labaka, Josu Martinez edo Dantzaz dantza taldea.

Udako Ola, Loraldiaren Gaztea lan-ildoan jasotako programa, 18 eta 29 urte bitarteko gazteentzako sormen egonaldia da. Bertan, euskal kulturaren transmisioa lantzen da. Udako Olak transmisioa lantzea, sormena sustatzea eta espazio sortzaile berri bat proposatzea ditu helburu, parte-hartzaileek bide propioa garatu ahal izan dezaten.

Gehienez 15 pertsona biltzen dituen proiektua da, modu intentsibo eta esklusiboan lan egin ahal izateko, ingurune segurua eta konfiantzazkoa sortuz.

Sei eguneko sormen-egonaldi hau esperientzian oinarritzen da, ikasteko modu gisa, eta praktikan, sormen-laborategi gisa. Horrela, parte-hartzaileek euskal kulturaren erreferenteei buruzko eskola magistralak jasotzen dituzte.

Loraldirako propio sortutako saioak dira, eta horietan hainbat alderdi lantzen dira, hala nola hitza, soinua, irudia eta gorputz-adierazpena.

Profesionalek eskainiko dituzten saio horietan, gazteek aukera izango dute erreferente kulturalak bertatik bertara ezagutzeko, transmisioa lantzeko eta beren arlo espezifikoarekin lotutako edukiak jasotzeko.

Parte-hartzaileek praktikaren bidez ikasten dute artista ospetsu horien eskutik. Aurtengo edizioan, Ane Labakak, Leire Vargasek, Amets Arangurenek, Josu Martinezek eta Dantzaz dantza taldeak hartuko dute parte. Aldi berean, gazteek sorkuntza propioa landuko dute egonaldian zehar eta azken eguna Lekeitioko herriaren aurrean erakutsiko dute, Edurne Azkaratek zuzenduta.

Lan egiteaz eta praktikatzeaz gain, Udako Olak Lekeitioaz gozatzeko, elkarrekin bizitzeko eta kultur jarduerez gozatzeko gune bat ere badu. Sei egunez, gazteek Lekeitioko Trinkete Etxean izango dute aterpea.

Sormen-egonaldi hau aste horretan Lekeition Loraldiak antolatuko duen Sormen Astearekin osatzen da. Egun hauetan Loraldiak kultur programazio oso bat onduko du, non Udako Olan parte hartuko duten gazteek doan gozatuko duten eta herritarrei ere irekita egongo den. Sormen Astean gure kulturako erreferenteek herri osora zabalduko diren zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte.

Udako Olan izena emateko epea zabalik dago: hemen informazio gehiago.

Loraldiak Lekeitioko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura, Euskara eta Kirol Sailaren babesa jaso du ekimen hau aurrera eraman ahal izateko.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago