Eremu sozio-ekonomikoa euskalduntzea guztiz estrategikoa da euskararen normalizaziorako, eta zeregin horretan agente guztien inplikazio aktiboa eta lankidetza ezinbestekoak dira. Bai Euskarari Ziurtagiria alor horretan eragiteko tresna izan da 2000ko ekainetik jorratutako bidean.
Ordutik metatu duen esperientzia eta jasotako ekarpenei esker etengabe garatuz joan da Ziurtagiria, gero eta tresna eraginkorragoa bihurtuz. Orain urtebete urrats kualitatibo garrantzitsua emateko beharra ikusi zuen Kontseiluak, bere sorreratik Ziurtagiriaren kudeaketaren ardura izan duen erakundeak. Hala, Ziurtagiriak 7 urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita eta proiektua sendotzeko bide berriak ireki behar zirela ohartuta, Kontseiluaren ekimenez ZIURTAGIRIAREN ELKARTEA -Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapenerako Elkartea- sortu zen. Proiektu zabalagoa, konpartitua eta eraginkorragoa jarri zen martxan, gizarte- eta enpresa-eragileen babesa bilatuz. Orain Ziurtagiria duten entitate guztiek ere parte hartzen dute gestioan, proiektuaren sendotze, garatze eta hedatzean eraginez.
Horrenbestez, 2007ko ekainetik, ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAk du proiektua kudeatzeko ardura. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, enpresa, saltoki eta era guztietako entitateei eragitea helburu duena euskararen normalizaziorako neurriak hartu eta bete ditzaten. ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAk, aurrez zehaztutako irizpideen arabera, entitate hauek euskararen normalizazio prozesua garatzen ari direla kreditatzen du eta, horrez gainera, hauen lana aitortu, saritu eta jende aurrean kreditatzen duen bereizgarria eskaintzen die. Izan ere, horixe da Bai Euskarari Ziurtagiria: arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena.
Ziurtagiriaren hiru mailen arteko edozein lortu ahal izateko -zerbitzua eta lana euskaraz, zerbitzua euskaraz edo bidean- aurretik ezarritako irizpideak bete egin behar dira eta betetze indizearen arabera, maila bat edo beste eskuratzeko aukera dago. Bai Euskarari Ziurtagiria urtero berriztatu behar da eta ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAk jarraipen, ebaluazio eta sustapen lanak burutzen ditu.
Orain arte 1.500 enpresa, saltoki eta era guztietako entitate baino gehiagok eskuratu dute Ziurtagiria. Zehatz-mehatz esanda, 1.516 dira uneotan Ziurtagiria dutenak eta guztira 20.000 lagun baino gehiago dira Bai Euskarari Ziurtagiriaren eraginpean lanean ari direnak. 1.516 entitate horietatik 165ek zerbitzua eta lana euskaraz maila gorena eskuratu dute, 508k zerbitzua euskaraz eta 843 bidean izeneko mailan daude eta goragoko bat eskuratzeko lanean ari dira. Gaur egungo egoera irudika dezagun, Bai Euskarari Ziurtagiria daukaten entitateak zein sektoretakoak diren begiratu behar da. Hauxe da ikusten dugun irudia: % 13, enpresa industrialak dira; % 37, merkataritza eta ostalaritza sailekoak dira; % 19, kultura, gizarte mugimendu eta kirolaren sailari dagozkio; % 7, hezkuntzari; % 20, zerbitzuen eta finantzen mundukoak dira eta % 2, lehen sektorekoak. Datuek adierazten duten bezala, sektore eta tamaina guztietako Euskal Herri osoko entitateak dira: Bankoa, Kutxa, Elkargi, Euskadiko Kutxa, Eroski, Athletic, R. Sociedad, Baskonia, Aviron Bayonnais, Diocesanas, Argiñano, Refractarios Kelsen, Obe Hettich, Elay Taldea, Arlan, JEZ Sistemas Ferroviarios, VUSA, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, SPRI, Kalitatea Fundazioa, Gehitu, SkunkFunk, etab. Zerrenda osoa www.baieuskarari.org webgunean ikus daiteke.
ZIURTAGIRIAREN ELKARTEAren sorrerarekin, gestioa optimizatu nahi izan genuen, Ziurtagiriaren geroa irudikatu, eta optimizazio saiakera horrek eman ditu bere fruituak. Urte honetan datozen lau urteetarako oinarriak finkatu dira. Ziurtagiriaren diagnostikoa egin da eta diagnostiko horretan oinarrituta misioa, bisioa, baloreak eta datozen urteetarako erronka nagusiak zehaztu dira, helburuak eta adierazleak ezarriz. Horretarako, datozen lau urteetarako estrategia plana diseinatu dugu. Labur esanda 2012. urterako lortu nahi ditugun helburuak hiru ardatz nagusitan oinarritzen dira: lehenik eta behin, Bai Euskarari Ziurtagiriaren hedapena areagotzea, horrela, datozen lau urteotan Ziurtagiria duten entitate kopurua bikoizteko lan egingo dugu. Bigarrenik, Euskal Herrian, alor sozioekonomikoan, euskararen normalizazioan erreferente izatea; horretarako, Ziurtagiriaren marka sendotzeko eta ZIURTAGIRIAREN ELKARTEA indartzeko lan egingo dugu. Azkenik, pertsonen gogobetetze maila areagotzea. Izan ere, Ziurtagiria duten entitate kopuruaren atzean, eguneroko lanean euskara txertatzeko ahalegina egiten duten pertsonak daude; hortxe dago Ziurtagiriaren arrakastaren gakoa.
Profesionalak, independenteak eta gertukoak gara. Eta helburu nagusi bat dugu: lan munduaren euskalduntzean eragitea. Komertzioek, enpresa industrialek, finantza erakundeek, aseguru etxeek, kirol taldeek, kultur elkarteek, ikastetxeek, komunikabideek eta beste hainbatek profesionaltasun, independentzia eta gertukotasun hori baloratu egin dute. Eta, horregatik, Bai Euskarari Ziurtagiriaren aldeko apustua egin dute. Kalitatea eskaintzen dielako eta beren produktu eta zerbitzuei balioa eranstean, merkatuaren aurrean lehiakorrago egiten dituelako nahi izan dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Oraintsu martxan jarri den Ziurtagiriaren komunikazio kanpainan adierazten den bezala, enpresa hauek ziur daude. Orain hobeak dira, lehiakorragoak. Elkar ulertzen dutelako. Euskarak bereizten dituelako. Bai Euskarari Ziurtagiriarekin, ziur daude. Denok batera ari gara bide hori egiten. Inoiz baino gehiago gara eta hazten jarraituko dugu. Gu ziur gaude.
Erantzun
Sartu