Nazioartean ekimen batek baino gehiagok seinalatu du datorren astelehena, 2025eko urtarrilaren 20a, Twitterretik alde egiteko egun gisa. Donald Trumpek ofizialki AEBetako presidentzia hartzeko eguna izango da, eta haren eskutik X/Twitterreko jabea, Elon Musk, Etxe Zurira iritsiko omen da aginte-kargu bat hartzera. Euskaraz, Twitter ez ezik, "sare sozial toxiko" guztiak uzteko deia egiten duen webgunea sortu da, Goazen Lagunok, aldi berean Fedibertsoarekin bat egiteko deia ere eginez.
X/Twitter baino areago doa Trump-en aro berriaren eragin teknologikoa, Meta enpresaren politika aldaketa nabarmenak argi uzten duen bezala. Goazen Lagunok ekimenak ez du espezifikoki Twitter edo Meta aipatzen, baina uste dugu Instagram, Facebook eta Threads (Metaren jabetzak) sare toxikoen artean sailka daitezkeela. Whatsapp ere Meta enpresa toxikoareren jabetza da baita ere, baina komunikazio inter-pertsonal ez berez algoritmikoki baten arabera antolatuko tresna bat da... Tira, irakurleen esku balorazioa. Azterketa batzuen arabera toxikoa den beste sare bat TikTok da.
Goazen Lagunok ekimenak toxikotasunetik alde egiteko fedibertsora salto egitea proposatzen du:
"Gu ere nazkatuta gaude sare sozial toxikoekin, beraz, auzo berri batera aldatu gara: fedibertsora. Komunitate honetan parte hartzera gonbidatzen zaitugu, Internet gizatiarrago, askeago eta kolaboratiboago baten aldeko apustua eginez. (...)
Internet gizatiarrago batean sinesten dugu, monopoliorik, algoritmo inbaditzailerik eta nahi ez den publizitaterik gabe. Pertsona guztien benetako konexioa, aniztasuna eta ongizatea lehenetsiko dituzten espazio digitalak eraikitzeko aukera da fedibertsoa."
Goazen Lagunok egitasmoarekin erakunde, kolektibo edo pertsona bezala bat egin daiteke orri honetako pisten bidez. Espainiako Estatuko beste hizkuntza batzuetako ekimenekin lotuta dago goazenlagunok.eus webgunea, bestalde, adibidez galizieraz imonosxuntas.org eta gaztelaniaz vamonosjuntas.org
Frantziako Estatuan Twitterren gehiago fokatutako ekimenak HelloQuitteX du izena.
Euskarazko Twitterren alternatiba izan daitezkeenak Mastodon.eus eta Mastodon.Jalgi.eus Mastodon instantziak dira. Fedibertsoko beste baliabide batzuen pista Fedibertsoa.eus webgunean eta Goazen Lagunok ekimenak prestaturiko orri honetan.
Ikus goazenlagunok.eus eta hausnartu.
Erantzun
Sartu