Sustatu logoa Teknologia albisteak

Ostiral Beltza da gaur (berriro)

Sustatu
2026-11-27 08:36

Gure historiaren errepaso egiten, 25 urte hauetako sortan, gaur 2015 urtea tokatzen da, eta juxtu gaurko eguna aukeratu dugu, azaroaren 27an izan zelako orduan ere Black Friday, Ostiral Beltza, 27 batean tokatu zen orduan gaur bezala. Duela 11 urte, beraz, baina agian beste hiruzpalau lehenagotik, jada bagenbiltzan marketineko sustapen [orain bederen] astun honekin.

Estatu Batuetan azaroko laugarren ostegunean Esker Emate Eguna ospatzen dute (Thanksgiving, jai nazionala atzo izan zuten beraz), eta haren ondorengo ostirala da Black Friday. Suposatzen da Gabonetako erosketa-sasoi frenetikoaren hasiera dela egun hau, eta, bereziki, zenbait merkealdi eta eskaintza egun honetan kontzentratzen dira denda fisikoetan (ordutegiak luzatuz)

Ideiaren inportazioa marketin jokaldi bat bilakatu da, gero eta potologoa, hamarkada batetik hona. 2015ean egun bat izango zena, orain gutxienez astebete da, ez bada gehiago, honen edo haren sustapenean. Ikusi berriz ilustrazioa goian, errepikatu dugu 2015eko irudi bera: "Ostirala bakarrik", dio testuaren zati batek. Ai, egun bakarreko egun haiek!

Ekimen lolakak, merkataritza txikiari lotuak eta tokian tokikoak, ikusten dira orain ere euskaraz, baina gutxi, eta gehiago da Interneteko saltzaile handi samarren eta frankizia fisikoen gauza merkealdien sasoi hau. Izendapenaren euskarazko bertsio batzuk ere aurkitu ditugu han hemenka aurten (Instagramen, nola ez), 2015ean ostiral beltza zein bariku baltza aurkitu genituen bezala, baina gutxiengo bat dira: badirudi Black Friday erdarazkoa nagusitu dela gure hizkeran.

Beste "inportazioko produktu" batean, berriz, Gau Beltza terminoa gehiago ikusi dugu hedatua azken urteotan Halloween baino. Tira, "inportazio" komatxo artean jarri dugu ze kalabazak hustu, kandelak piztu, eta mozorroekin izu-jolasetan ibiltzea euskal tradizio bat ere bazen, 20. mendean ahaztua neurri batean, baina 21. mendean berreskuratua. Berreskuratze horren informazioak, gure artxiboan baita ere, nola ez: 2010an adibidez.

Jarraitu gaitzazu