Animen Gaua (=Halloween) kalabaza eta kandelekin ospatzen zen aroa
2010-10-28 13:10
Iaz ere atera genuen hau, eta orduan erantzun batean bildutako iruzkinak, berriro ekarriko ditugu, Animen Gaua edo Halloween, Domusantu egunaren bezpera, alegia, datorren asteburu honetan delako.
***
Oier Araolazak berriro atera du gaia bere blogean eta erreferentzia batzuk ere egin ditu, Creative commons aitortu-partekatu lizentziaz baliatuta hona ekarri ditugu Oierrek jasotako testigantzak:
- Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): Animen egunian, oittura zarra zan
Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska
mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia. Orotariko Euskal Hiztegia
- Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
- Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
- Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin,
barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten
zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon
kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da
buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek
begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez
egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa
kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina
hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
- Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa).
- Arabako Errioxan. "Nire amak
txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak
egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta
tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).
Erantzunak kargatzen...