Twitter, gogoan zaitugu
2007ko martxoan, Twitter aurkeztu genion Euskal Herriari, hemen, Sustatun: "Twitter, mikroblog, elkarrizketa edo komunitate modakoa". Beste hainbat tresna eta produktu aurkeztu ditugun bezalaxe, baina kasu honetan merezi du gure Sustatu 25 urte sortan agertzea, zeren gero Sustaturen historian, euskarazko komunikazio digitalean, eta Interneten bilakaeran sekulako garrantzia izan duen tresna izan da.
2007an hiru definizio lotu genituen tresnarekin, beraz, izenburu hark erakusten duen bezala: "mikroblog, elkarrizketa, komunitate". Ez genuen jarri "sare sozial". Gaur egungo kontzeptu oro-hartzaile hori ez zen bat-batean gailendu Interneteko konunikazioan, pixkanaka baizik, eta urte batzuez bi zerbitzu ziren eta kito: Facebook eta Twitter. Gerora mezularitza zuzeneko tresnak (Whatsapp eta Telegram, batik bat) eta beste sare batzuk (Instagram eta TikTok, batipat) gehitu ziren bagoi hartara. Tartean Fotolog edo Tuenti bezalakoak ere izan ziren. Horien artetik, Euskal Herrian nagusi Instagram da gaur egunean, euskaldunon lehen hedabidea.
Orain X deritzo Twitterri, Elon Musk aberats ultrak erosi ondoren izena aldatu baitzion, baina guretzat Twitter da oraindik.
Urte askoan izan zuen presentzua Sustatuk Twitterren, 2025 hasieran isil isilik utzi genuen arte. Orain Mastodonen gaude, eta kito: interakzio gutxi, euskaldun askorik ez, baina bake santua.
Baina Sustatu eta Twitterren arteko lotura beste bat ere izan zen. Urte askoan Saretik izeneko albistegi automatiko bat egon zen hemen integratuta. CodeSyntax-ek garatutako Umap zerbitzuaren bidez, euskarazko 250.000 inguru txio prozesatzen hilero Twitterren, esteka partekatuenak eta komentatuenak albiste bihurtzeko sistema bat izan genuen.
Saretik delako gauza hura artxibatuta dago Sustatun, egunez eguneko bistetan, 2012ko abuztuaren 5etik, 2023ko martxoaren 1era. Begiratuta duela 10 urte gaurko egunez, adibidez, https://sustatu.eus/artxiboa/2016-10-18/saretik , ikusi nola Altsasuko eskandalua zen gaia, Twiitereko traoletan edo automatikoki bildutako albistegian. Pantaila irudia gaurko oroitzapen horretarako hortik atera dugu hain zuzen, duela 10 urteko traol bilduma, Sustatun gordea.
Albistegi automatiko hori egiteko modua, eta Umap bera, 2023an ezabatua gertatu zen. Twitterrek kontsulta automatizatuak egiteko API bikain bat izan zuen urte askoan, baina Elon Muskek X izendatu baino lehenago ere hura moztu zuen, ordainpeko sistema garestiegi bat jarrita.
Umap ere desagertu zen, ondorioz, 2023an. Euskarazko Twitterreko jardunaren biltegi bikain bat izan zena. Baina haren arrastoa ere gorde da Sustatun: 2013ko apiriletik 2023ko otsailera, hilabetez hilabeteko erabilpen txostenak ditugu gure artxiboan.
2026 honetan Twitterren geratzen dira euskaldunak, Mastodonen baino gehiago. Komunitatea han dago oraindik? Mastodonen oso murritza da sentitzen den giroa, garai batean Twitterren egon zenarekin alderatuta. Nolanahi ere. Musk-izatutako eta Trump-izatutako esparru filofaxista horretatik urruti hobeto gaude.
Erantzunak kargatzen...