Sustatu logoa Teknologia albisteak

Joxe Aranzabalek esan zigun minbizia zeukala

Sustatu
2026-09-30 08:22

Sustatu 25 sortan urteurren biribiletatik aurrera goaz, 2002 urtera. Zera argitaratu zen goiz batean, Joxe Aranzabal Mondragon Unibertsitateko irakasleak sinatuta: "Medikuak esan dit minbizia dudala". 2002ko irailaren 11n esan zion medikuak hori, eta handik 4 egunera Sustatu bidez jende guztiari Aranzabalek.

Hartu genuen sustoa ez zen ezer izan Aranzabalek jasandakoarekin, baina gauzak aurreratuta esan dezagun 24 urte igarota Joxe erretiratuta dagoela, blogari eta sarelari dela orduan bezala, eta gaur albiste hau irakurriko duela. Ordutik hona bibotea galdua du (garai hartan moztu zuen), baina ez dakigu inork ile haiek faltan botatzen ote dituen.

Asmo terapeutikoz idatzi zuen, uste dugunez, lehen artikulu hura eta etorri zen segida ere, 18 ataleko tratamendu eta sendaketa prozesua, azken ale honetaraino (bi urteren buruan).

Blog sarrera edo artikulu horiek liburu batean bildu zituen Aranzabalek, eta Elkarrek argitaratu zuen. Lehen post-eko izenburua eman zion, jakitun inpaktua eragin zuela esaldi harekin Sustatun: Medikuak esan dit minbizia dudala (liburua).

Aranzabali balioko zion terapiaz gain, blog sarrera hark balio komunikatibo handi bat izan zuen. Mondragon Unibertsitatean komunikazioan irakasle zen orduan Aranzabalek, eta ikasgai bat ere egon zen hartan, denontzat. Koka gaitezen urtean: 2002, mende honen hasiera da oraindik, eta irudipena dago askoren artean gauza bat dela mundu "birtuala" eta beste bat "erreala". Termino horiek kontrajarrita erabiltzen ziren, Interneteko esperientzia birtuala balioz eskas, badaezpadako, faltsu-antzekoa balitz bezala, hotz eta inpertsonala informazioaren transmisio gaitasunari dagokionez.

Sustatuko sarrera hark demostratu zuen dikotomia hura okerra zela. Emozioa, enpatia, komunikazio zuzena eta informazio beroa posible ziren sareko espazioan. "Birtualaren" diskurtsoa tontakeria bat zen. Mundu errealean izan zuen minbizia Joxe Aranzabalek, eta mundu errealeko tresna baten bidez jakinarazi zigun guztioi, Sustaturen bitartez. 

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu