Sustatu 2001: iragarpen teknologikoak egiten hasi ginen
Sustatu duela 25 urte sortu zela ospatuko dugu udazken honetan. 2001eko azaroan egin zen publiko weblog hau (termino horrekin, albistegi izaera aldarrikatuz), baina ez zen izan ez prentsaurreko, iragarpen edo holakorik. Gure artxiboan ere ez dago 'Kaixo mundua' dioen artikulurik. 2001eko urri amaieran hasi ginen, Goiena eta CodeSyntax-en arteko elkarlanean, artikuluak idazten. Eta artxiboko lehen alea 2001eko urriaren 29koa da, Joxe Aranzabalek sinatua: 'Zenbait iragarpen datozen hamar urteotarako".
Iragarpen teknologiko haiek Walter S. Mossberg kazetariak egin zituen The Wall Street Journal egunkarian, eta euskarara ekarri zituen Aranzabalek. Sustaturen historiako lehen lerroak dira, Mossberg delako horrenak izatez:
Uste dut datozen hamar urteotan etorriko diren aurrerapen digitalik handienek zerikusi gutxi izango dutela ordenagailuekin (...). Eragingo dute ordenagailuekin, baina batez ere AOL, Palm eta haririk gabeko telefonia eta komunikazio enpresen aurrerapenekin egingo dute bat (...). Aparailu digital asko sortuko dira, elkarren artean lotuta eta baita Internetekin bat eginda. Azken honetatik denborapasak, filmak eta era askotako informazioa jasoko dute. Baina oztopo asko izango da. Teknologia superazkarrak indarrean egon bitartean, gauzak motel joango dira. Izan ere, aurrerapen hauek guztiak telefono eta kablearen industriaren pean egongo dira, bi industriarik motelen pean.
Hamar urteko epeak ez gaitu jartzen 2026 honetan baizik eta 2011n, eta hortaz, orduko enfokerarekin errepasatuta aurrikuspenak, gauza batzuetan ondo eta beste batzuetan ez hain ondo ibili zela ikusten dugu:
- Haririk gabeko telefonia bai, baina Palm aparailuak telefonoak ordezkatu zituzten.
- Aparailu gehiago bai, eta Internetekin bat eginda noski.
- Internetetik "denborapasak, filmak eta era askotako informazioa" jasoko zela. Bai horixe.
- Telefono eta kanlearen industria motelen pean garatuko zela gauza. Agian bai, baina azkenean garatu zen, moteltasunaren gainetik, eta handi bihurtu zirenak ez ziren telekomunikazio enpresa horiek izan, Internet hutsean hasi eta zentratu zirenak batez ere (Google, Amazon eta pixkanaka Facebook, hamarkada hartan).
Errepasotxo hau, abendua bitartean egingo dugu artikulu sorta baten lehena da. Gure artxiboari begiratuko diogu, euskarazko Interneteko historiaren mende laurden honi, eta artikulu jakin batzuk berreskuratuko ditugu egungo ikuspegiarekin berrirakurtzeko.
Gonbidatuta zaudete historiari begiratu eta Sustaturen 25. urteurrena ospatzera.
Erantzunak kargatzen...